Asteartean Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza Sailarekin egindako bileraren ondoren, baikor agertu da Mikel Ansotegi, Aulestiko alkate eta Erraldeko presidentea.
Nola joan da Nekazaritza Sailarekin egindako bilera?
Ondo.Batetik, Osasun Sailarekin izan dugun arazoaz aritu gara, eta hortik ateratzeko zer-nolako prozesuan gauden azaldu dugu. Bestetik, proiektu berriaren egoera deskribatu dugu, eta arlo horretan nola jokatzeko asmoa daukagun ere argitu dugu. Horren aurrean, euren babesa eman digute; beraz, ondo irten da bilera.
Erraldeko gabeziak konpontzeko lanak hasi dira?
Gabezia asko konponduta daude, eta datozen egunetan falta direnak konponduta izatea espero dugu. Hiltegiaren lerroekin geneukan arazoan, lan egiteko modu zehatza topatu dugu, eta horren bidez lerroan bertan lanik egin barik Europako legedira egokitzea lortu dugu.
Zertan datza lan egiteko era berri hori?
Beharginak gurutzatzea eta kanalak pilatzea saihestuko da. Horrekin arazoa konponduta edukiko genuke.
Eusten diozue Erralde aste gutxiren bueltan berriro irekitzeko asmoari?
Osasun Sailaren ebazpenean zehazten zen “gabeziak konpondu arte” itxita mantenduko zela. Gu gabezia horiek konpontzen gabiltza, bi asteren bueltan dena prest izatea espero dugu, eta horren aurrean, Osasun Sailak ebazpena bertan behera uztea.
Zer hitz egin duzue Berrizko hiltegiaren proiektuari buruz?
Bai, proiketuaren egoerari buruz aritu gara, planoez eta lurrez. Gure asmoa Bizkaiko udalekin hitz egiten jarraitzea da. Berrizko Udalarekin kontaktuan egon garela azaldu diegu. Euren babesa eskaini digute.
Finantzabidea ere bai?
Bai, horretarako prest daudela esan digute.
Baikorrak zarete, beraz.
Egoera zaila da, baina gauza baikorrak ateratzen jakin behar da. Erralde publikoki agertu da, eta erakutsi dugu zerbitzu honen premia dagoela Bizkaian, kontutan edukita 3.000 baserritarrei zerbitzua ematen diegula. Argi gelditu da kontsumitzaileentzat ere garrantzitsua dela.