Iñigo Astiz
Auzitegira helduko da azkenean Bizkaia pilotalekuaren aurrealdea berritzeari buruzko afera. Eraikinaren aurrealdeko harlauza guztiak erortzen hasi, eta lau aldeak konpondu behar izan ditu Bizkaiko Foru Aldundiak. Hasieratik obran parte hartu zuten eraikuntza enpresak egin ditu arazoaren arduradun aldundiak, eta akordio bat lortzea izan da haren asmoa. Orain arte. Erantzunik jaso ez, eta salaketa jarri die. Konponketa lanek izango duten 1,7 milioi euroko kostua enpresa eraikitzaileak bere gain hartzea nahi du aldundiak.
Sonatua izan zen Bizkaia frontoiaren irekiera ekitaldia. 3.000 ikusle har ditzake, eta Euskal Herrian dagoen pilotalekurik handiena da. Binakako zein banakako lehiaketa nagusien finalak ere bertan egin izan dira geroztik, baina kasik hasieratik izan ditu arazoak. Eta, horren ondorioz, egunkarietako kirol orrietan agertzeaz gain, azpiegiturei eskainitako orrietan ere azaldu da behin baino gehiagotan.
Ateak ireki eta lau urtera erori ziren eraikinaren aurrealdeetako losak. 2015eko abenduaren 7an jausi zen frontoi aurrealdeko arbela beltzezko lehen losa, eta gehiago izan ziren gero. Ikerketa eskatu zien horregatik aldundiak bi enpresari, eta argia izan zen bien ondorioa: eraikinaren lau aldeak berritu behar zirela ondorioztatu zuten biek. 150 plaka baino gehiago ziurtatu zituzten aldundiak kontratatutako langileek hasieran, baina osorik zaharberritu behar zela ebatzi, eta banan-banan kendu behar izango dituzte orain 10.600 harlauzak. Martxoan egin zuten zaharberritze lanentzako lehiaketa publikoa, eta orain hasiko dira lanak. Hemeretzi aste barru bukatuta egon behar lukete konponketa guztiek.
Edonola ere, berrikuntza eta konpontze lanek iraungo duten bitartean, ez da frontoia itxi beharrik izango.
Beltz mantenduko dute
Bi milioi euro inguruko kostua izango dute zaharberritze lanek, eta hortik dator erakunde publikoaren eta eraikuntza egin zuten enpresen arteko eztabaida. Izan ere, eraikuntza lan eskasen ondorio da arazoa aldundiaren esanetan, eta, beraz, eraikuntza enpresei dagokie haien kargu egitea. Negoziatzen saiatu dira, baina azkenean salaketa jartzeko asmoa azaldu du aldundiak. Konponketak bukatzean izango da hori.
Kolorea izan da beti eraikinaren bereizgarrietariko bat. Beasaingo harrobiko arbela natural beltzezkoak dira plakak, izan ere, baina, adituen hitzetan, ez da izan material hautaketarik onena. Inguru haizetsua da Miribillakoa, eta tenperatura aldaketa handiak izaten dira negutik udara artean. Horrek hondatu egiten ditu arbelezko losak, eta horregatik arazoak. Ilunagoak diren harlauza artifizial batzuk jarri dituzte orain haien lekuan. Zelulosa zuntzez eta erretxinaz eginda daude harlauza berriak, eta arbelezkoak baino iraunkorragoak dira. Mantendu egiten da pilotalekuaren irudia, baina seguruagoa da eraikina.
Eraiki aurretik hasi ziren problemak. Kutsadura arazoak izan zituzten zoruan, eta hamabi hilabetez etenda egon ziren lanak. Pilotalekua eraikitzeko lehiaketa irabazi zuen Afer enpresak geldi izan zituen obrak hilabete luzez, eta, azkenean, harekin tratua etetea erabaki zuen aldundiak. Bigarren lehiaketa egin zuten horretarako, eta horrek ere atzeratu egin zituen lanak. Kostua ere handitu zuen horrek: hasieran 16 milioi eurokoa izan behar zuen lanak, baina 24 milioitik gorako kostua izan zuen azkenean.