Natalia Salazar Orbe
Kostaldeko itsasargia izango balitz legez, dir-dir ageri da herria Ogoñoko lurmuturretik eta Izaro irlatik. Olatuek astintzen jarraitzen duten arren, musika doinuen erritmora dantzatuko da egunotan. Iritsi da, beste behin, Mundaka Festival; Busturialdeko herria musika, gastronomia eta naturaren hiriburu bilakatuko duen jaialdia. Izan ere, musika estilo askotarikoak agertoki ikusgarrian eskaintzeko parada baino zerbait gehiago bihurtu da urteekin jaialdia. Gastronomiak eta bertako produktuek protagonismo berezia hartuko dute aurten. Hegalaburrari eskainitako eguna izango dute igandean, hiru egunetako ekitaldiei bukaera emateko.
Rock, soul zein blues doinuek hartuko dute Santa Katalina penintsula. Agertoki paregabea. Bertatik igaroko dira, besteak beste, Ocean Colour Scene britainiarrak. The day we caught the train, The riverboat song edota The circle abesti entzutetsuak taularatuta, dantzan eta kantuan jarriko dituzte ikus-entzuleak.
New Yorketik iritsiko dira The Rad Trads taldekoak. Zuzeneko talde dibertigarriak soul, jazz, swing eta rock doinuak joko ditu, betiere, ezaugarri duten energia handiarekin. Hala ere, artista eta musikari zerrenda luzea dakar gaur hasi eta igandera bitarteko egitarauak. Mundakako jaialdian ariko dira, besteak beste, Mando Diao, Beth Hart, Lee Fields & The Expressions edota Quique Gonzalez & Los Detectives.
Egun guztiei bukaera emateko ardura izango dute DJek. Dark DJ ariko da gaurkoan. Bere estilo propioarekin, nazioarteko hainbat jaialditan bihurtu da ezagun. Chelisen txanda iritsiko da bihar. Bost urtez nabarmenen artean kokatu du Rockdelux aldizkari garrantzitsuak. DJ Blackak hartuko die lekukoa igandean. Energiaz betetako rhythm & blues, boogaloo eta soul gordina astinduko ditu bere saioan.
Dastatze guneak
Musika eta paisaia ikusgarriaz harago, gastronomiari ohi baino leku handiagoa egin diote aurten. Igandean, herri osora zabalduko dute jaialdiaren eremua Atune Egunarekin. Hala, ateak zabalik, edonork izango du itxiera ekitaldia gozatzeko aukera.
Hegalaburraren sekretu guztiak ezagutaraziko ditu egun horretan Arzak jatetxeko Xabier Gutierrez sukaldariak. Arrain preziatu hori prestatzeko saio bitxia eramango du kostaldeko herri txikira, Sabel dantzaren bost mugimenduak izenburupean. Esku profesional horiek prestatutako jakia dastatzeko emango diete bisitariei.
Kozinatu aurreko prozesua zer- nolakoa den ikusteko aukera ere izango da. Hala, arrain hori prestatzeko zelan zatitu behar den irakatsiko diete, lehenago, bertaratzen diren guztiei.
Ostean, herrigunea astindu eta giroa lau haizetara zabaltzeko bermut saioari egingo diote lekua. Talaia erdian kokatuta, eguerdi aldera, eguraldia lagun baldin bada jenderik gehien erakartzen duen eremuan, DJ Blackak girotutako saioa izango da. Hark zabalduko dizkio ateak geroago Santa Katalinan egingo dituzten kontzertuei: Seiurte, Willis Drummond eta The Rad Trads taldeek emango diote bukaera hirugarren Mundaka Festivali.
Jaialdiaren zutabeetako bat izanik, gastronomiaren atalak salmenta, erakusketa eta dastatzeak egiteko gunea izango du: Urdaibaiko Esentziak. Han egingo dituzte dastatzeak, tailerrak edota showcooking saioak, besteak beste.
Mundakids
Ume, gazte eta helduentzako jarduerak prestatu dituzte. Txikienek eurentzako txoko propioa izango dute bihar eta etzi: Mundakids. Haientzat ere musika eta gastronomia uztartuko dituen egitaraua prestatu dute. Gastronomia tailerretan, ikasi eta jolasteaz gain, musikarekin eta teknologiarekin esperimentatzeko aukera izango dute. Teknologia berriak musika tresna klasikoekin eta hardware analogikoekin konbinatuta, musikaren ikerketan murgilduko dira gaztetxoak. Kontzeptu horiek musika estimulu gisa hurbiltzea du helburu tailerrak.
Alde gastronomikoari dagokionez, sukaldaritzan aritzeko aukera emango die Aitor Amutxastegik. Hondarribiko Arraunlari Berri jatetxeko sukaldaria da. Taloa eta hegaluzea lehengai hartuta, jakiak prestatuko dituzte beste tailer batzuetan ere.
Sarrerak
Egun bakarrerako sarrerak 40 euroan daude salgai. Bestalde, hiru egunetarako bonua 65 eurotan saltzen dute. Egun bakarrerako sarrera dutenak jaialdiaren eremutik ateratzen badira ezin izango dute sartu berriro. Bonua dutenei, berriz, eskumutur bat jarriko diete. Beraz, ez dute izango arazorik kanpora eta barrura ibiltzeko.
Dena dago prest. Magiaz betetako jaialdia abiatzear da. Bikingoek Mundakara iritsi zirenean ikusi zuten herriko lehen lur eremuak Santa Katalina izan behar zuen. Handik egin zuten itsasadarrean barrena sartzeko bidea. Eremu hori bilakatu da artista entzutetsu askorentzako agerleku eta musika gosez joango diren ikus-entzuleentzako topaleku. Labar garaien gainean, itsasoari begira emango dituzte kontzertuak lehenengoek, eta paraje misteriotsu horretan gozatuko dute ekitaldiez bisitariek.