Natalia Salazar Orbe
Ur gainean, itsasoak zeharkatuz, miliak eta miliak egiten dituen hiri bat iritsi da asteon Getxoko portura. Urtero kaira heltzen diren itsas bidaia luzeak egiteko ontzietako bat da: P&O Cruises konpainiaren Britannia, hain zuzen ere. Asteazkeneko helduera hark berritasunik izan zuen. Berritasunok ez zituen ekarri ontziak berak, iristeko erabili zuen terminalak baizik; hura izan zen-eta portuko bidaiarien terminal berria inauguratu zuena.
Olatu itxura du. Dagoen ingurunearekin bat etortzeko asmoz egindako eraikina da. Hala ekarri zuen gogora Asier Atutxa Bilboko Portuko presidenteak asteazkenean egin zuten inaugurazio ekitaldian. “Itsas giroa eta tokiko klimatologia kontuan izanik, arreta berezia jarri da eraikinaren elementu metalikoei ahalik eta babes handiena emateko”. Zinka erabili dute, kresalari eta uraren astinduei aurre egiteko.
Iritsi bezain laster, Getxo, eta, zehatzago, Algortako portu zaharra aurkitzen dute bisitariek aurrez aurre. Eraikinaren beirateek, eguzkiaren argia ez ezik, inguruneak eskaintzen duen paisaiari sakon begiratzeko aukera ematen dute.
Familia osoak, adinekoak zein gazteren bat bizikletarekin ontzitik behera egin dute terminalaren aurkezpenak iraun duen bitartean. Eskaileretan behera jaitsi, eta informazio turistikoa ematen duen mahaia aurkitu dute, kalera ateratzeko atearen ondoan. “Bilbori buruz galdetzen dute, bereziki”. Hala aitortu du turistei lehen harrera egiten dien Ainhize Setien informazio emaileak.
Kaiaren ondoan hartzen dituzten autobus pribatuetan sartu, eta Bilbora eramaten dituzte zuzenean ontzitik ateratzen diren bidaiariak. “Guggenheim museoari edo Zazpikaleei buruz galdetzen dute. Eta baita erosketak non egin ere”. Bospasei orduko bisitaldiak egiten dituzte, eta, beraz, denbora gutxian ikus ditzaketen lekuak ezagutu nahi izaten dituzte. “Eguraldi ona badago, hondartza eta Bizkaiko Zubia ere bisitatu nahi izaten dituzte. Ontzian kostaldera gerturatzen ari direnean ikusten dituzte horiek”.
Erakargarri eta lehiakor
Bizkaiaren eta Euskal Herriaren gertuko lehen argazkia marrazten die bisitariei haien erretinetan lehen begirada horrek. Hori ere badu helburu Getxoko portuak, eta, harekin batera, terminal berriak. Hala iritzi dio Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako eta Lehiakortasunerako sailburuak: “Gure herrian sartzeko lehen atea da hainbat eta hainbat bisitarirentzat”. Hala, Getxok eta Bizkaiak, oro har, lehiakor izan behar dutela sinetsita dago: “Bisitariok Euskadirekin izango duten lehen kontaktua egingo dute hemen. Hori dela eta, zorrotz jokatu behar dugu eskainiko dizkiegun irudiei eta zerbitzuei dagokienez”. Erakarriko dituen kultura eta aisialdi eskaintzak landu beharraz mintzatu da.
Azpiegiturak hobetu beharraren garrantzia azpimarratzeko aprobetxatu zuen aurkezpena. Portuaren etorkizuna beste garraio sareekin bermatu behar dela sinetsita dago. Errepideez gain, trenbide sareari egin zion aipamen. Tartean, AHTari. “Ardatz atlantikoan norbait izateko aukerak emango dizkiguten azpiegiturak landu behar ditugu”.
5.000 pertsonarentzako lekua du Britanniak. Egun bat, edo, gehienez, bi gau egin ohi dituzte era horretako ontziek herrian. 2017an itsas bidaiak egiteko 58 ontzi iritsiko dira Getxoko portura. Denera, 94.000 bidaiari inguru ekarriko dituzte; aurreko denboraldian baino %14 eta %10 gehiago, hurrenez hurren.Terminala Getxoko portua indartzeko baliabide ezin hobea izango dela sinetsita dago Atutxa: “Seguru olatu honen indarrak aurrerantz eramango gaituela”.