Natalia Salazar Orbe
Busturialdean mugakide diren bi herriren arteko liskarra baretzerik ez da izan, oraingoz. Sukarrieta eta Busturia ez dira ados jarri San Antonio enklabea nori dagokion erabakitzeko. Azkenean, epai batek ebatzi du Busturiarena izan behar duela. Herri horren mugen barruan dagoen enklabea izanik, hari dagokiola erabaki zuen EAEko Auzitegi Nagusiak, joan den azaroan. Sukarrietako Udala ez dator bat erabakiarekin. Hori dela eta, afera berriz aztertzeko errekurtsoa jarri zuen. Erantzuna bera izan zen. Orain, iragarri du helegitea jarriko duela Auzitegi Gorenaren aurrean.
Soka luzeko afera da Abiña auzoarena. San Antonio enklabea, legez eta administratiboki Sukarrietaren menpe dagoen lurraldea bada ere, Busturiko udalerriaren lur eremuek inguratzen dute. 2015ean EAEko Auzitegi Nagusiak emandako epaia berretsi zuen urte berean Espainiako Auzitegi Gorenak. Hala, aldundiak San Antonio enklabea desagerrarazteko espedientea martxan jarri zuen iazko martxoan.
Nola desagerrarazi
Hainbat proposamen aztertu ostean, Sukarrieta eta Busturi arteko muga lerroa aldatzea onetsi zuen aldundiak, enklabea bi herrien artean banatzeko. Hala, Sukarrietak iparraldeko zatia hartuko zuen; Busturiak, berriz, hegoaldekoa. Aldundiak argudiatu zuen hori zela irtenbiderik orekatuena bientzat. Hala ere, EAEko Auzitegi Nagusiak azaroaren 23an emandako autoa betetzeko, aldundiak aldatu egin behar izan zuen enklabea desagerrarazteko hasieran egindako proposamena.
Auto haren arabera, aldundiak 2013ko epaia bete behar zuen. Hortaz, enklabea desagerrarazi behar zuen. Orduko hartan, baina, bi prozedura bereizi zituen auzitegiak: “Enklabea inguratzen duen udalerriaren esku geratzen bada —alegia, Busturiaren esku —, Bizkaiko udal mugarteei buruzko 8/1993 Foru Araua aplikatu behar diote. Enklabea banatzeko hasierako proposamenari eusten badiote, berriz, 9/2012 Foru Araua da aplikatu beharrekoa. Eta, ondorioz, beharrezkoa da udalerri bien arteko adostasuna”.
Hortaz, EAEko Auzitegi Nagusiak aldundiak egokitzat jotzen zuen proposamena egiteko aukera eman arren, funtsean aukera bakarra zegoen: inguratzen duen udalerriaren esku uztea enklabe osoa, ez baitzegoen adostasunik aldundiak 2016ko martxoan egindako proposamenean.
Sukarrietak, ordea, ez du amore emateko asmorik. Udala sinetsita dago San Antoniok historikoki zilegitasuna duela bere mugen barruan jarraitzeko. Autoa irregularra dela dio. Hala, joan den astean egin zuten ohiz kanpoko bilkuran erabaki zuten EAEko Auzitegi Nagusian jarritako berraztertze errekurtsoa ezeztatzen duen autoaren aurkako kasazio helegitea aurkeztea. Helburua argia da: “Errekurtso honekin, lurraldearen osotasuna defendatzen jarraituko du udalak, arauzko bide guztiak erabiliz. Horrela dihardu Busturiaren erreklamazioa martxan jarri zenetik”.
Sukarrietak ez du begi onez ikusi enklabea desegiteko aukeratzen zen moduaren arabera arau bat edo beste erabiltzeko ebazpena. “Ulertezina” da. Horrez gain, salatu du enklabe batean erabili ezin den araua ezartzeko proposamena egiten duela. Proposamen hori Busturiaren aldekoa delako kexatu da, gainera.
Auto horren aurkako berraztertze helegitea jarri zuen herri kaltetuak. Baina areto berak deuseztatu du “auto berri eta labur baten bitartez”. Hori dela eta, Espainiako Auzitegi Gorenera joko dute, eta kasazio errekurtsoa aurkeztuko.
Argudio historikoz josi dute helegitea. “Enklabea era horretan ebazten bada, Bizkaiko Batzar Nagusietan bigarren eserlekua zuen Sukarrietari XVII. mendera arte osoko bilkurak egiten zituen lekua kenduko diote; jatorrizko eliza kenduko diote; baita sorrerako hilerriaren aztarnak ere. Azken finean, Sukarrietari bere jatorria, arima eta historia lapurtuko dizkiote”.
Sukarrietako Udalak hasiera-hasieratik defendatu du Abiña ez dela enklabea. Besteak beste, kostaldetik jarraikortasuna duela dio. Busturiak bestelako iritzia du: ezinezko deritzo enklabea Sukarrietan sartzeari, ez baitu loturarik herriarekin. Izan ere, Busturiko Udalari dagozkion itsaso eta lehorraren arteko gunea da.
Sukarrietako alkate Erruki Goirienak iragarri du euren jarrerari eutsiko diotela: “Udalak, orain arte egin duen moduan, bere lurraldearen osotasuna defendatzen jarraituko du, eta udalerriari edo bertako bizilagunei kalte egingo dien edozein irtenbide auzitegietara eramateko prest dago. Hori da gure betebeharra, eta gure uste sendoa”.
Batzar Nagusiei eskatu die Espainiako Auzitegi Gorenak ebazpena eman bitartean gai horren inguruko erabakiak atzera ditzatela, edo aldundiak emandako proposamenaren kontra bozka dezatela, “udalerri honi konponezineko kalterik ez egiteko”.