Animazioko lan berritzaileen agertoki

Animazioko lan berritzaileen agertoki

Natalia Salazar Orbe

Animazioa umeentzako marrazki bizidunez harago doan mundu zabal bat da. Beste generoek baino leku eta oihartzun txikiagoa izan ohi badu ere, lan asko egiten da eremu horretan. Lan hori guztia ikusgarri egiten ari da egunotan Animakom animazio komunitatearen Bilboko lehenengo jaialdia. Genero horri buruzko lehenengo jaialdi tematikoa da. Asteazkenean zabaldu zituen ateak eta, igandera bitartean, film laburren alorrean iaz egindako tokiko eta nazioarteko lanik onenetakoen lagin zabal bat erakutsiko du.

Ia 120 film labur ikusteko aukera emango du jaialdiaren lehenengo aldi horrek. Animakomera aurkeztu dituzten filmak, ordea, askoz gehiago izan dira; alor horretan gauzatzen diren lan ugarien adierazgarri. “Otsailaren 3an ireki genuen deialdia, eta 20an itxi. 600 lanetik gora jaso genituen”. Hala azaldu du Pedro Rivero jaialdiko animazioko filmen lehiaketaren zuzendariak.

Agertoki gutxitara iristen diren arren, sortzaile askok egiten dute animazioaren aldeko hautua. Krisiaren astinduari egotzi dio era horretako lanen ikusgarritasunak behera egin izana Goya saria birritan jaso duen bilbotarrak.

Sortzaileen artean, gehienak emakumeak dira. Haien lanak dira jaialdian ikusi ahalko diren gehienak: “120 lanetatik %70 emakumeek egindakoak dira. Eta ez ditugu bilatu nahita”. Izan ere, animazio eskoletan zinea egiten dutenen artean emakumeen ehunekoa “izugarri handia” da. “Hala ere, maila profesionalera igarotzean, portzentaje hori asko murrizten da. Eta, talde lanean aritzen direnean, emakumea bigarren planoan geratzen da, zokoratuta”.

Animakomen helburuetako bat da animazioaren munduan beharrean ari diren emakume errealizadore, irudigile eta animatzaileen lana azpimarratzea. Hala, jaialdia martxoaren hasieran egiteko hautua nahita egindakoa da. Emakumeen Nazioarteko Egunari lotuta antolatu dute. Eta ohorezko saria ere aurreikusi dute haientzat. Urtero, animazioaren munduan emakumeek egiten duten lana aitortzeko saria emango dute. Aurten, Anna Solanas zuzendaria eta Nuria Riba diseinatzaile eta animazioko zuzendaria izan dira saridunak, I+G Stop Motion ekoiztetxeko kideak. Gaur iluntzean egingo dute sari banaketa. Biak ala biak adituak dira panpinekin egiten den animazioan. Milatik gora jaialditan hartu dute parte mundu osoan, eta ehunka sari jaso dituzte.

Haiena da Animakom jaialdia iragartzeko kartelean jaso duten filmaren irudia. Estereotipoak hausten dituzten lanak dakartzate bai haiek eta bai parte hartu duten beste emakumeek. “Zabalduta dagoen iritzia da emakumeek gauza ederrei buruzko lanak baino ez dituztela egiten. Eskemak eta aurreiritziak apurtzen dituzte lan hauek”.

Bihar emango dituzte lan horietako asko. Egun horretan, denak ala denak izango dira emakumeek zuzendutakoak.

Nazioartean, maila ona

Nazioartean aurkitu ditu Riverok lanik onenak; Iranen, bereziki. Horiek ere, emakumeek eginak. “Animazioak hizkuntza komuna du, mugez harago”. Euren lanekiko dedikazio handia duten pertsonak aurkitu ditu munduan zehar egin dituen bidaietan. “Izugarria da talde lanean aritzeko duten ahalmena. Proposamen bikainak egin eta lantzen dituzte, baina ez dira ikusten. Denbora asko behar duten lanak dira”. Horien lagin bat izango da Bilboko jaialdian.

Antolatu dituzten bi lehiaketetan eta paraleloan ematen ari diren atalean ikusi ahalko dira lan horiek guztiak; Panorama eta Krazykom film labur ero eta alternatiboen ataletan, hain zuzen.

Euskal Herrian sortutako lan batzuk ere izango dira. Onak badira ere, “zaila da kanpokoek duten maila handiarekin lehiatzea”.

Lehiaketei dagokienez ere berritzailea da Animakom. “Gurea ikasleen lehiaketa antolatzen duen lehenengo jaialdia da. Atzerrian edo kanpoan ia zine jaialdi guztietan izan dira era horretako lehiaketak, animazio eskolak dituztelako. Orain artean, hemen ez da horrelakorik izan. Gaur egun, bai, Zierbenakoa daukagu. Baina gehiago beharko genituzke”. Hala, hezkuntzari dagokionez, berrindartu beharko litzatekeen arlotzat jo du. “EHUko Begoña Vicarioren kasua ere adierazgarria da [lehiaketaren epaimahaikidea ere bada]. Apurka, murriztu egin dizkiote animazio ikasgaiaren eskola orduak”.

Ikasleen sailean mundu osoko 32 lan ari dira lehian. “Irandarrak izugarri gustatu zaizkit. Eta nabarmentzekoak dira Estonia, Polonia, Alemania eta Frantziakoak, besteak beste”.

Bestalde, sail ofizialean lehiatuko dira profesionalen lanak. 42 dira guztira.

Nazioartean tradizio handiagoa duten animazioko jaialdiek lan ugari Bilbora eramateko aukera ahalbidetu dute. Annecyko jaialdia da horietako bat. Frantzian egiten dute, eta mundu mailako Cannes jaialditzat jo daiteke. Azken jaialdiko lanik onenen sorta eskainiko du, helduentzako eta umeentzako emankizunetan.

Bilboko bertako Zinebi jaialdiaren lankidetza ere nabaria izan da. Emakumeek egindako animazioko film laburren emanaldia eskainiko du; azken lau jaialdietan emandakoen artean aukeratutakoak dira.

Sari ugari prestatu dituzte. Grand Prix izango da ikasleentzat, eta, epaimahaiaren saria profesionalentzat. Horiez gain, euskal film laburrik onena, emakumeek zuzendutako film onena eta gidoi onena sarituko dituzte.

Berrikuntza saria ere izango da. Berrikuntzak, baina, ez du esan nahi lanek 3D teknikarekin eginda egon behar dutenik. “Krispetekin egindako lan bat ikusi berri dut. Inoiz ikusi dudan berritzaileena izan da”.

Haurrak, egile

Umeentzako lekua ere gordeko du jaialdiak. Stop-Motion tailerraren bidez, animaziora hurbiltzeko bidea zabalduko diete, bide praktiko bat baliatuta. Parte hartzen duten guztien artean film labur bat grabatzea da helburua. Jardunaldia amaitzean, jaialdiaren amaierako galan emango dute. Ekoizpenaren prozesu osoa egiten irakatsiko diete.

Bilbao Berrikuntza Faktoria izango du egoitza nagusi jaialdiak. Edonor joan daiteke han emango dituzten lanak ikustera; sarrera doan da.

Aurten hasitako ibilbideak jarraipena izatea du helburu. Jaialdia martxoan egingo dute, beti. Batetik, Emakumeen Nazioarteko Egunarekin bat egiteko; eta, bestetik, hirian egiten diren bestelako zine jaialdiekin batera uztartzeko aukera ematen duelako. Besteek eskaintzen ez duten alorra lantzen baitu honek. Izan ere, animazioko film laburren jaialdia egin ezean Bilboko eta inguruetako ikus-entzuleentzat eskuraezina litzatekeen animazio-zinemaren programazioa dakar Animakomek. Oihalak altxatu dira, eta magia hasi da.

Nabarmentzekoak

Animakom jaialdian emango diren filmen artean, badira batzuk bereziki nabarmentzekoak:

‘Nunca pasa nada’. Javier Prieto zuzendariak ilara luze batean zain dagoen pertsona talde bat irudikatzen du Nunca pasa nada film laburrean. Zeren zain daude horiek guztiak, ordea? Jaialdira jo beharko dute galdera horri erantzuna aurkitu nahi dioten ikus-entzuleek. Euskal filmen atalean lehiatuko den lanetako bat da.

‘Decorado’. Alberto Vazquezek zuzendu du Decorado lana. Bertan, harreman baten hondatzea erakusten da. Horrek ingurunean duen eragina islatuko da. Buru hausgarri gisan, fabula existentzialista bat kontatzen du umore satirikoa baliatuta. Bizitzaren zentzuari buruzko hausnarketa egingo dute jokabide oso gizatiarrekin.

‘Corp’. Anbizioa, laneko esplotazioa, ingurumenaren kutsadura, gizakiaren degradatzea, plusbalia, ustelkeria eta askoz gehiago aurki daiteke merkatu librearen mundu zoragarrian. Pablo Polledrik zuzendutako lana da Corp.

‘We are humans, after all’. Behe laino lodia zabaldu da Kopenhagen. Laino horrekin harremanetan sartzen den oro desagertu egiten da airean. Zientzialari bat bidaliko dute fenomeno misteriotsu hori ikertzera. Jan Mikak zuzendu du We are humans, after all. Nazioarteko lanen ordezkarietako bat izango da.

‘Nighthawk’. Azkonar bat hilik ageri da errepidean. Berehala, Polizia iristen da, eta ikusten du animalia ez dagoela hilda. Errepidetik kentzen saiatzen direnean, gertakariek ezusteko bidea hartzen dute. Spela Cadez du zuzendari Nighthawk lanak. Emakumeak zuzendari dituzten lan ugarietako bat da berau.

‘What is your brown number’. Gizartearen eta ingurunearen gorabeherak ditu ardatz lan horrek. Bereziki, Indian azalaren koloreagatik egiten den diskriminazioa. Herrialde hartan denek azal argia izan nahi dutela erakusten du. Azal beltzaranak higuina eta negatibotasuna iradokitzen dituela. Vinnie Ann Bose da zuzendaria.☦