Bilboko Udal Txistulari Bandak hamar urte bete ditu. Urteurren borobil hori ospatzeko jaialdia egingo dute bihar, Euskalduna jauregian. 20:00etan hasita, hainbat txistulariz gain, artista ospetsu ugari ere elkartuko dira. “Pisua txistu irakasleek eramango dute. Euskal Herri osotik 55 txistu irakasle elkartuko dira”, adierazi du Garikoitz Mendizabal bandako zuzendariak. Horrez gain, Leioako San Juan Bautista abesbatza eta Kantika korala, Beti Jai Alai dantza taldea, Los Cinco Bilbainos, Andoni Egaña, Eñaut Elorrieta, Niko Etxart, Gozategi taldea, Kepa Junkera, Gorka Sarriegi (Sorotan Bele) eta Pirritx, Porrotx eta Mari Motots ere taula gainean izango dira. Pianoan, teklatuetan eta akordeoian, programako obra gehienak moldatzeaz arduratu den Xabier Zabala egongo da, besteak beste.
Garrantzitsua izango da Mendizabalentzat biharko emanaldia. “Oso artista erakargarriak elkartuko dira”, adierazi du, eta “modernoa, tradizionala eta parte hartzailea” izango dela gaineratu du. Estiloari dagokionez, zein artista egongo diren ikusita, “jendeak imajinatuko du zein doinu entzungo diren eta denak izango dira ezagunak”, adierazi du. Ez hori bakarrik, “zirraragarria” izango dela ere uste du. Bukaeran Euskaldunak gara! abestuko dute denek batera. Bost eurotan daude salgai sarrerak.
Ibilbide “zirraragarria”
Hamar urteko ibilbidea “zirraragarria” izan dela dio bandaren zuzendariak. “Hasiera batean jarritako erronkak poliki-poliki betez joan” dira. “Bilbon txistuak presentzia handia izan du, eta egun ere badu kalean eta udal protokoloa laguntzeko garaian”. Hala ere, eurek beste erronka batzuk ere bazituztela adierazi du: Diskografia handitu, Euskalduna jauregian hamabost egunean behin kontzertuak ematen hasi —hala hasi ziren areto txikian. Eta gaur egun normala da 700 lagunentzako aretoa betetzea—, zein biharko omenaldiko moduko auditorium handi batera txistua eramatea.
Bestalde, urteotan izan dituzten kolaborazioak ere gogorarazi ditu. “Txistuaren inguruan orain arte ibili ez diren zenbait artista” ere beraiengana inguratzea lortu dutela azaldu du. Esaterako, Angel Unzu, Iñaki Salvador, Kepa Junkera… Ibilbide “bitxi samarra” egin du Mendizabalek. Zazpi urte egin zituen Gasteizko Udal Txistulari Banda zuzentzen; urtebeteko eszedentzia eskatuta, Donostiako Txistu Bandara joan zen, eta 2004az geroztik da Bilbon zuzendari.
Txistuaren tradizioari eutsi egin diotela deritzo, bestalde. Hala ere, berritasun ugari ere jorratu dituzte. “Tradizioak bere horretan dirau. Zorionez, txistuak oso bereak dituen eginkizunei bere hartan eutsi diegu”. Hala nola kaleak eta dantzak animatzea, udaletxeko protokoloari eustea… Hala ere, “profesionalak” direnez “eta XXI. mendean murgilduta daudenez, beste aurpegi batzuk ere erakutsarazi” behar zituzten. Horretarako, zenbait proiektu abiatu dituzte: “Besteak beste, Naroa Intxaustirekin eta Mariano Santamaria piano jotzailearekin eta Angel Unzurekin egin genuen euskal abesti ezagunen programa, soprano baten ahotsetan entzunda; zein iaz Angel Unzurekin eta laukote batekin egin genuen proposamena”. Gauza horiek guztiak egin behar izan dituztela dio, jendeak ikus dezan “txistuak alderdi asko dituela eta sentimendu oso desberdinak transmiti ditzakeela”.