Gudariak gogoan

1936ko altxamendu frankistaren ondorioz, hainbat biktima izan ziren Euskal Herrian. Guda horretan parte hartu zuten gudariak asko izan ziren, baita Euskal Herritik kanpotik iritsitakoak ere. Esaterako, sasoi desberdinetan 20.000 gudari asturiar ibili ziren, euskal herritarrekaz batera, 1936ko gerran. Asteburuan, asturiar horiek izango dituzte gogoan Larrabetzun eta Arrietan, Ahaztuak elkarteak antolatutako ekitaldi banatan.

Larrabetzun, duela hiru urte aurkitu zituzten hamalau asturiar gudariren gozpuzkiak. “1937an, Asturiastik iritsi ziren kolpisten kontra borroka egiteko”, azaldu du elkarteko kide Martxelo Alvarezek. Larrabetzu 1937-2012 plataformaren eta udalaren laguntzagaz antolatu dute domekan egingo duten ekitaldia.

12:00etan hasiko da ekitaldi hori, herriko plazan. Asturiasko gaitero banda bat ere izango da bertan. Bolunburu parajeraino abiatuko dira ostean. “Han jarri genuen monolitoaren aurrean ekitaldia egingo dugu”. Herri bazkariaren ostean, arratsaldean, Salvador Amor eta Gabriel Ortega musikarien kantaldia izango da.

Arrietan, bihar

Lehenago, Arrietan egingo dute beste ekitaldi bat, bihar. “Arrietan ere bospasei lekutan daude lurperatuta asturiarrak”, azaldu du Alvarezek. Horien artean emakume bat ere badagoela adierazi du, gainera. “Hango miliziek ez zeukaten hain ikuspuntu matxista. Alde horretatik, apurtzaileak izan ziren”.

Gudari horien omenez plaka bat jarriko dute udaletxe plazan. Ibilbide bat egingo dute hilobietatik, garai hartan gertatutakoak kontatzeko. Bukatzeko, herri bazkaria egingo dute. Udalaren eta Betikoak taldearen laguntza izan du Ahaztuak elkarteak.

Datorren astean, hilaren 29an, bestalde, Asturiasera joandako brigada baten buruzagi izan zen Benito Reolaren gorpuzkiei egingo diete harrera, Gernika-Lumon. Aurten aurkitu dituzte haren gorpuzkiak.