Ainhoa Larrabe Arnaiz
Bizkaiko lurraldearen hiru dimentsioko maketa bat dute Bilboko Euskal Museoaren hirugarren solairuan. Azken urteetan, asko dira 18×11 metroko neurria duen mapa hori ikustera joan diren herritarrak, eta, duen harrera ikusita, bestelako erronka bat hartu dute museoko kideek: hirugarren solairuan dagoen maketa teknologia berrietara egokitu dute. Bizkaia hiru dimentsiotan aplikazioa sortu dute.
Sorkunde Aiarza Euskal Museoko koordinatzailearen arabera, Bizkaiko historia ezagutu eta eskualde bakoitzeko kultura eta paisaiak ikusarazteko baliabidea da. “Aplikazio interaktiboa da, eta benetako iraultza ekarriko du gure lurraldea ezagutzeari begira”. Datozen bi hilabeteetan museoan izango da aplikazioa erabilgarri, Bizkaiko maketa dagoen areto berean. Harrera neurtu nahi dute lehenik; gerora, doan jaisteko aukera izango da. Malvado Sound Lab enpresak osatu du lana.
Bizkaiko herri eta eskualdeetako historia eta kultura ezagutaraztea da aplikazioaren helburua, Aiarzaren arabera. Museoaren materiala erabili dute horretarako. “Euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez dago aplikazioa. Guztira 75 pantaila ditu, eta 135 irudi eta ilustrazio baino gehiago. Autogidatutako 54 gune ditu, eta bakoitzera egokitutako soinu efektuak ere sortu ditugu”. Bizkaiko jaurerri eta dorretxe nagusien hainbat maketa dituzte museoan, haien historiaren azalpenarekin.
Museoko edukiak pantailan
Aplikazioan, herriz herri kokatu dituzte elementu horiek guztiak; eta baita historia jaso ere. Lurraldean artzaintzak, arrantzak eta burdinolek izan duten tradizioari buruzko erakusketak ere baditu Euskal Museoak hainbat aretotan. Finean, eraikinak gordetzen duen informazioa areto fisikoetatik aplikaziora eramatea da duten asmoa; teknologia berrietara egokitzea, Aiartzaren arabera. “Gaur egungo eskaerara egokitu dugu guk dugun informazioa, Bizkaiari buruzko jakintza are gehiago zabaltzeko”.
Jolasak ere sartu dituzte aplikazioa erakargarriagoa egiteko eta erabiltzaileen elkarreragina areagotzeko.Tokian tokiko informazioarekin osatu dute lana, Euskal Museoaren koordinatzailearen arabera. “30 web esteka baino gehiago daude aplikazioan. Eskualdeetako mapan zehar nabigatu eta baliabide kultural, historiko, instituzional eta turistiko nagusietan kontsultak egin ahal izango dira horien bidez”.
Proba modura, museoan jarri dute aplikazioa, Bizkaiko mapa erraldoiaren inguruan jarri dituzten tabletetan. Apple eta Google Store-n jarriko dute eskuragarri gero.