Natalia Salazar Orbe
Larru onduen usaina giroan. Makina zaharren triki-trakaren erritmoa gogoan. Urteen joan-etorriek aldatu ez duten espazio zabala, bere hartan, geldirik; mutu egonik ere, historiaren aldi baten berri emanez. Duela hamar urte itxi zuten Foruan urteetan martxan egon den Teneria Vascongada larruak ontzeko lantegia. Zirrara berezia eragin dio lekuak Aitor Arana Arruti argazkilariari. “Lehenengoz sartu nintzenean, liluratuta utzi ninduen. Denboran geldituta zegoen. Pentsatu nuen altxor bat zela”. Suntsitzeko arriskuan dago orain, eta, barrualdeak duen garrantzi handiaz jabetuta, erabilera bat eman diezaioten, erakusketa deigarri bat antolatu du: Salba dezagun kurtiderixie bihar inauguratuko dute, eta hilaren 24ra arte egongo da ikusgai, Gernika-Lumoko kultur etxean.
Ricardo Arrazola Sagastizabalek 1940ko hamarkadan hartu zuen lantegia. Baina, berez, 1918koa da. Hala ekarri du gogora oñatiar haren iloba Iñaki Arrazolak. Belaunaldi askotako larru ontzaileen familia bateko oinordekoa da. Hura eta haren lehengusuak izan dira tradizioa hautsi duten lehenak. Hala ere, ondotxo daki zein den Foruan egiten zuten lana, Doroteo Arrazola Markiegi aita zuena izan baitzen lantegian lan egin zuen azkena.
Larrua ontzeko prozesu osoa egiten zuten bertan. Larruak hiltegietan jaso, eta biltegietan gordetzen zituzten, gatzetan. Lantegira iritsi bezain laster, gatza kendu, pisatu eta sailkatu egiten zituzten. “Orbainik edo makulu markarik edo antzekorik zuten aztertzen zuten, arrasto horiek larruen prezioa merkatzen zuten eta”. Uretan jarri, eta gatz, koipe eta ile arrastoak kendu behar izaten zizkieten. Gustuko lodierara egokitu, eta karetan jartzen zituzten gero. Larrua ontzeko garaia iristen zen orduan. “Bi prozedura zeuden: landare bidezkoa eta kromo bidezkoa. Hemen, normalean, landare bidezkoa egiten zen”. Lehortu, lisatu, koipea eman, eta merkaturatzeko prest uzten zituzten.
Madrilen, Salamancan eta Sevillan zeuzkan ordezkari eta bezerorik garrantzitsuenak. “Larru gehienak zapatagintzarako eta zaldi eta abereentzako zelak edo uhaleria egiteko erabiltzen zen”.
Gaur egun, pentsaezina da Teneria Vascongada lantegia martxan jartzea. Adinagatik eta belaunaldi berriek lekukoa hartu ez ziotelako itxi zuen Arrazola Markiegik. Baina bestelako arrazoirik ere bazegoen: “Larrugintzan jarraitzeko bete beharreko neurriak ez ditu betetzen era honetako kurtideria tradizional batek: kutsaduraren eta segurtasunaren aldetik, besteak beste. Joan den mendeko industria bat da”.
Balio handia
Beharrerako ez, baina jarduera ekonomiko haren lekuko gisa historia egiteko balio handia du lantegiak. “Aitak lanean zegoela utzi zuen bezala dago”. Arana argazkilariak makinak martxan ere ikusi ditu. Bera izan da horren guzti horren lekuko. “2012an sartu nintzen lehenengoz lantegian, Iñakiren eta familiaren baimenarekin. Argindarra zuen oraindik, eta bertan lanean aritua zen gazte ezagun batek martxan jarri zituen makinak. Funtzionatzen zuten”.
Altxor hura zaindu eta babestu behar zela jakin zuen orduan bertan. “Atentzioa eman zidan lekuaren edertasunak: argiek, lehortegiak… Hiru solairuko eraikina da. Beheko solairuan daude makina gehienak. Eta azkenengoan lehortegia dago”.
Bisita bat baino gehiago egin du lokalera. Horietan guztietan argazki saioak egin zituen, materiala jaso eta aurrerago erakusketa egin ahal izateko. Lan hori bihar emango da argitara. 54 argazki aukeratu ditu artistak. “Gehienak larrua ontzeko askotariko arteei buruzkoak dira”. Makinak, baloiak eta larruak ikusi ahalko dira, besteak beste.
Larruek protagonismo berezia hartuko dute. Lantegian bertan gordeak izan dituzte, zintzilik. Eta hala jaso ditu Aranak bere argazkietan ere. Lantegitik hartu, eta erakusketa aretoan zintzilikatuko ditu artistak: “Bisitariek larrua ontzeko lantegia zer den usain dezaten nahi dut”. Erremintak eta zenbait tresna ere eramango ditu kultur etxera.
Prozesu osoa, bideo batean
Larrua ontzeko prozesu osoa jaso zuten bideo batean, 2006an. Hori ere emango dute erakusketa aretoan. “Azal bat besterik gabe zelan sartu, eta onduta eta ezkoztatuta zelan ateratzen den ikusi ahalko da. Beheko solairutik hasi, eta hirugarren solairura arteko bidea erakusten du”.
Argazkietako batzuek beste batzuek baino itxura errealistagoa dute. Hala ere, denak ala denak teknika bera erabilita osatu ditu: HDR edizio estiloa deritzona erabilita, alegia. “Horretan ere izan dudan garapena ikusten da. Erakusketan, 2012an egiten hasi nintzeneko irudiak ikusten dira. Gutxiago tratatuta daude, gutxiago landutakoak dira”.
Erakusketa ez da, beraz, ohiko argazki erakusketa bat izango. Ez izango duen itxurari erreparatuta; ezta dituen helburuei erreparatuta ere. “Berezia izango da. Lantegiaren planoak ere jasoko ditut panel batean. Hala, bisitariak ikusi ahalko du zer-nolako irtenbide arkitektonikoa izan ahalko lukeen”.
Hasiera bitxia
Inaugurazio ekitaldia bihar egingo dute, 19:00etan. “Ez nuen ohiko erakusketa bat egin nahi. Larrua ontzeko lantegiko elementuez gain, zuzeneko musika ere izango da. Biolontxelista batzuk ariko dira giroa berotzen. Horrez gain, Santurtziko San Jorge lanbide heziketako ikastetxe integratuko ikasleak ere etorriko dira, eta argazki saio batzuetarako nirekin egiten duten lanaren erakustaldia egingo dute: modelo bat makillatuko dute kurtideria bateko langile gisa”.
Aranaren lanaren adierazgarri izango da erakusketa. Abandonatutako lekuetan argazkiak egitea maite du: “Etxe abandonatuak, lantegi abandonatuak, errotak…”. Etxetik gertu era horretako altxor bat aurkitzea sinestezina iruditu zitzaion. “Erabileraren bat izan behar zuela pentsatu nuen”.
Iñaki Arrazolaren aitonaz eta aitaz gain, beste sei-zazpi behargin zituen lantegiak; inguruetako baserrietakoak ziren. Beraz, industria handien eraginik ez, baina, bere neurrian, garrantzia izan zuen herrian. Bizkaian itxi zuten azken kurtideria izan zen, gainera.
1918an, Martin Berasaluzek lantegia eraiki zuen garaian, era horretako leku asko zeuden Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Hala ekarri du gogora Arrazolak: “50 inguru izango ziren. Abeltzaintza gehiago zegoen orduan. Hala, ia herri guztietan hiltegiak zeuden. Beraz, larrua landu eta ontzeko leku horiek behar ziren”.
Lantegi barrualdea industria ondare izendatu zuen Jaurlaritzak. Baina Arrazolak eta Aranak gogora ekarri dute eraikina bera behar bezala mantentzen ez bada barrukoa ere hondartzeko arriskua dagoela.
Foruko Udala Hiri Antolamendurako Plan Orokorra aztertzen ari da, eta hortik zein irtenbide lortuko duten zain dago Arrazola. “Asmoa da kurtiderian jardueraren bat sortzea, eta, nola ez, barruan dauden tresneria eta materialak babestea eta errespetatzea. Museo bat egitea izan liteke aukera bat. Baina zer egin aztertzen ari dira”.
Denbora dute kontra, ordea. “Azkar ibili beharko dute”, adierazi du ugazabak. “Hamar urte inguru dira itxi zutenetik, eta, teilatua eroriko balitz edo barruan ura sartu, akabo”. Bide beretik mintzatu da Arana ere: “Oso egoera ezegonkorrean dago. Erortzeko arriskua du”.