Irribarrearen sekretuak

Clown topaketak

Durango

Pailazoen sekretuak, teknikak eta interpretazio moduak protagonista dira egunotan Durangon. 2. Topaklown jaialdia egiten ari dira. Atzo hasi ziren, eta etzi bitartean ibiliko dira. Mundu horretako profesionalentzako ez ezik, edozein ikuslerentzako jarduerak eta ikuskizunak ere izango baitira.

Durangoko San Agustin kulturguneak eta Ganso&Cia antzerki taldeak bultzatuta, clown-gintza sustatzea dute helburu. Maila goreneko zortzi irakasle ari dira eskolak ematen. Horrez gain, arratsaldean eta gau partean bi clown emanaldi eskainiko dituzte, egunero.

Antolatzaileen esanetan, Topaklown clown jarduera praktikatzen dutenen topagunea da, clown-ari buruzko jakin-mina dutenena edo, besterik barik, seduzitzen utzi eta emozio eta umore onagaz gozatu nahi dutenena”. Marcelo Katz, Pep Vila, Christian Atanasiu, Lila Monti, Juan Carlos Garaizabal, Joshua Gonzalez, Pablo Ibarluzea eta Bego Krego izango dira ikastaro hauetako gidariak. Goizez zein arratsaldez emango dituzte eskolak.

Antzezlanak

Ikusleentzako antzezlanen artean, gaur bi emanaldi izango dira. Lehenengoa doakoa da, eta 20:00etan emango diote hasiera. Loopas Luthierrek Bapatean Zirko aurkeztuko du. Eskuz sortutako musika tresnen funtzionamendua zein den erakutsiko du. Ostean, 22:00etan, Puntoclown & Cie Janvier konpainiak Brigada Dada interpretatuko du. Zortzi euro balio du sarrerak.

Bihar, Nafarroatik iritsitako Matxinek On-Off lan intimoa taularatuko du. Fikzioa eta errealitatea nahasten dituen ikuskizun horretan, egunerokotasuneko zailtasunak lantzen ditu artistak. 20:00etan hasiko da emanaldia. Sarrera doakoa da.

22:00etarako Cabaret Topaklown izeneko ikuskizuna prestatu dute. Paco Pacolmok egingo ditu aurkezle lanak. Sarrerak zortzi euro balio du. Ostean, artistekaz batera mokadutxoa hartzeko aukera izango dute hara biltzen direnek. Domekan amaituko dituzte topaketak. 20:00etan hasita, ikastaroetan ikasitakoak erakusteko aprobetxatuko dute pailazoek.