Isilpean gordetakoek argia ikusi dute

Isilpean gordetakoek argia ikusi dute

Natalia Salazar Orbe

Egia, justizia eta ordaina. Nagusitzen ari den aldarria. Egia jakiteko, lekukoen eta horien senideen testigantzak entzun. Jaso. Hausnartu. Eta publiko zabalarentzako eskuragarri jarri. Non, eta sarean. Lan hori egin du Durango 1936 elkarteak. Urte luzeetan isildurik egon den egia azalarazi du. Atzo aurkeztu zuten 1936ko gerra aurreko testuingurua, gerra bera eta gerraostea, emakumeen lana zein umeen sufrikarioa islatzen dituen webgunea: durango1936.org.

2006an abiatu zuen bidea elkarteak. Askatasunen, errepublikaren eta Euskal Herriko nazio eskubideen alde egin, eta faxismoari aurre egin zietenei gorazarre egitea zuen asmo. Euren bizipenak gizarteratu eta belaunaldi berriei transmititu nahi zizkieten. Berehala konturatu ziren horretarako lekukotasunak bildu behar zituztela. Hala azaldu du Andoni Barreña elkarteko kideak: “Gure asmoa ez zen historia ofizial edo akademikoa egitea, baizik eta sentimendu eta bizipenetatik gertuago zegoen kontaketa bat osatzea”.

Bideoz grabatutako elkarrizketak egiteari ekin zioten, eta Durangaldeko herritarren bizipenak jaso dituzte. Etxeko epeltasunean kontatu dituzte gertatutakoak gehiegikeria haien protagonistek. Haien ondorengoen ahotan ere entzun daitezke etxean entzun dituzten pasarte latzak.

130 pertsona ingururen testigantzak lortu dituzte. Horiek guztiak webgune batean jasotzearen helburua da “pairatutako sufrimendu guztiak eta bizipen haiek kaleratzea, ez direlako ezagutarazi”. Lan horretan agertzen diren testigantza guztiak faxismoari aurre egin zieten biktimenak dira. “Irabazle atera zirenen bizipenak aspaldi jasota daudelako”.

Oso harrera positiboa egin diete protagonistek. Hala ere, izan da agertu nahi izan ez duenik ere. “Aitortza sentitu dute askok, eta esan digute gu izan garela eurengana jo dugun bakarrak. Aita fusilatu zioten bat kexu zen inoiz ez diotelako inongo aitortzarik egin”.

Bizitakoak kontatzeko orduan denetariko erreakzioak ikusi dituzte. “Izan dira familian edo lagun artean gai horri buruz barra-barra hitz egin dutenak, eta ez dutenak izan bizitakoa kontatzeko arazorik. Beste batzuek, erresistentzia jartzen zuten. Baina, behin hasita, askorentzat terapia moduko bat ere izan da”.

Errespetu handia

Beldurra sumatu dute. “Oraindik hau ez da amaitu. Kontuz ibili behar da. Hau ezin dut kontatu”, eta antzekoak entzun behar izan dituzte. Eta oso jende gutxik esan du fusilatutako senideak nortzuek salatu zituzten: “Familiek badakite nortzuk izan ziren. Dagoeneko hilda egongo dira, baina ikaragarrizko errespetua dago, ez dituztelako mindu nahi haien ondorengoak. Beste aldekoek, ordea, inoiz ez dute izan inolako errespeturik horretan”.

Lekukotasun mordoa jaso dute. Juan Eskubiren semeak eta anaiak kontatutakoak, kasurako. Errepublika garaian gizon bat etxean babestu zuen Eskubik, “errepublikazaleek edo kontrolgabeek fusila ez zezaten”. 1936ko gerran, ostera, bera fusilatu zuten, errepublika garaian fusilatzeak egin izana egotzita.

Urte luzez Durango 1936 elkarteak egindako elkarrizketak ikusi, edukiak jaso, eta gaika antolatu ditu Unai Iturriagak. “82 elkarrizketa daude bideoz jasota. Eta gehiago egitea da asmoa”.

Bideoa ardatz

Webgunea bideo horien arabera antolatuta dago, bereziki. Horiek ditu oinarri. “Erabiltzeko erraztasuna da onena, bilaketak egiteko aukera ematen duelako. Esaterako, Durangoko bonbardaketari buruz dagoen informazioa bilatu nahi badut, hainbat hizlariren berrogei bideo inguru aurkituko ditut. Bonbardaketaren eguna bakoitzak bere ikuspegitik eta bizipenetatik kontatzen du”.

Bilaketa horiek hainbat aldagairen arabera egin daitezke: elkarrizketatuak eurak, herriak, gaiak zein elkarrizketatuek aipatutako biktimen arabera.

Elkarrizketez gain, bestelako atalak ere baditu. Biktimen zerrenda bat osatu dute. Eta bakoitzaren fitxa labur bat eratu. Garai hartako argazkiak zein agiriak jaso dituzte beste atal batean. Durangaldeko bizilagunei ezarritako zigorrak edo biktimen gutunak aurki daitezke, besteak beste. “Testigantzen biltegi bat da. Datu asko dauzka eta herritar asko agertzen dira”.

“Sufrimendu mordoa” entzun eta laburbildu behar izan du Iturriagak. “Dena ez dira fronteko kontuak. Emakumeen bizipenak, euren egitekoa, gerrako umeak, erbestea, kartzela… Eta, kasu batzuetan, kontaketak 1960ko eta 1970eko hamarkadetara arte ere iristen dira. Gerra aurreko zertzelada batzuk ere badaude, orduko bizimodua ulertzeko”.

Elkarrizketa batzuek interes historiko handia dute. Beste batzuk, ahozkotasunaren aldetik dira interesgarriak. “900 bideo laburretik gora daude. Denetarik dago”. Preziorik ez duten dokumentu historiko eta grafikoak, denen eskura. Isiltasunetik atera, eta argia ikusi du galdu behar ez duen historiak. Orain, berau zabaltzeko garaia iritsi da.