Enkarterri eraldatu zuten batailak

Enkarterri eraldatu zuten batailak

​Ikertu duten heinean ohartu dira Enkarterriko Trueba zentrokoak 1874an liberalak eta karlistak borrokatutako Somorrostroko batailek zer garrantzia izan zuten. «Europa osoko hedabideetan agertu zen. [Espainiako errege] Alfontso XII.ak zerbaitengatik egin zuen Somorrostroko Adierazpena, eta ez beste leku batekoa», azpimarratu du zentroko zuzendari Ricardo Santamariak. Aurten 150 urte bete dira bigarren karlistaldiko gudu hartatik. Horregatik, berezia egin nahi izan dute azken urteetan zentrokoek antolatzen duten batailaren antzezpena. Aurretik hitzaldiak eta mahai inguruak egin dituzte, eta biharko eta etziko hainbat ekitaldi prestatu dituzte. Etzi izango da antzezpena Muskizen. 

Somorrostron, karlistak gutxiago ziren, eta liberalen prestaketa eta baliabideak falta zituzten. Hala ere, gogor borrokatu ziren, eta kostatuta lortu zuten liberalek maiatzaren 2an Bilboko setioa apurtzea. Borrokaldi haietan 8.000 hil ziren, eta eskualdea erabat aldatu zuen. 

Santamariaren arabera, «Bizkaiko gainontzekoekin alderatuta», Enkarterri «atzeratuta» dagoen eskualdea da: «Pobrezia handien duena eta gutxien garatu dena». Haren ustez, neurri batean, bataila haiengatik ere bada. «Liberalismoa gailendu zen, eta horrek ondorio politiko eta ekonomikoak izan zituen».

Inguruko mendi indibisoetan burdin mea oso puru zegoen; ez-fosforikoa zen, garai hartako Europako siderurgiak eskatzen zuen modukoa. Suedia iparraldean ere bazegoen, baina oso zaila ,eta garestia zen handik Erresuma Batura, Alemaniara edo Belgikara eroatea. Somorrostron ez zegoen horrelako traba logistikorik, baina bai lege aldetik: Enkarterriko foruak babesten zuen. «Foruak indargabetu zirenean, mendi komunal babestuetan gupidarik gabe sartu zen kapitala». 

Santamariak kontatu duenez, mendi komunalak foruak babestuta egon ziren bost mendeetan, merindadeko edozein herritarrek ustiategi txiki bat sor zezakeen, mea atera eta saltzeko. Barbadun eta Galindo ibaietatik itsasoratzen zen mea burdinoletara, Baionatik Galiziarainoko tartean banatzeko. XVIII. mende bukaeran, penintsulako Kantauri isurialdean 184 burdinola zeuden. «Europako siderurgia arloko enpresari haien diru-goseak mea barik utzi zituen mendi hauek hamabost urtean. Orain, ez duzu gramo bat ere topatuko. Hemengo burdin mea ikusteko, Londresera joan beharko duzu; han daukate ipinita turistentzako». 

Batzar Nagusiak

Foruak indargabetzearen ondorioz, Batzar Nagusiak ere desegin ziren 120 urte luzez. Santamariaren ustez, 1979an Bizkaiko Parlamentua berreskuratu zenean, «oker» egin zen. «Foruen garaian, haien bailara edo kontzejua babesten eta defendatzen zuten herri ordezkariek osatzen zituzten Batzar Nagusiak; gaur egun, ostera, eskualdeetan aukeratzen ditugu ordezkariak, baina alderdiak agintzen diena egiten dute, aukeratu dituen eskualdearen beharrak gorabehera. Hori Enkarterrirentzat tamalgarria izan da».

Horrez gainera, gogoratu du 1979ko Gernikako Estatutuak mankomunitateak sortzeko aukera ematen duela. «Iruzur bat izan zen hori. Horrekin Francoren erregimenak sortu zuen Bilboko Handiaren metropoli faltsua betikotu zuten, Enkarterriri Somorrostroko bailara osoa kenduta; hau da, gaur egun Ezkerraldea eta Meatzaldea deitzen dituzten eskualde faltsu horiek». 

Somorrostroko batailaren 150. urteurrena

Bihar.  

18:30. Jesus Campelo Gainza historialariaren hitzaldia, Meatzari aretoan. 
21:00. Kanpalekuetarako bisita gidatua. Ondoren, parrillada. 

Etzi. 

10:30. Kanpai jotzea, eta San Joan zelaiko guduen hasiera. 
11:30. Desfilea, San Joan plazatik.
12:45. San Joan zubia hartzeko gudua.
13:30. Karlisten aurkako erasoaldia.
15:30. Herri bazkaria.
17:00. Narrazio laburren lehiaketako sari banaketa.