Industria iraultzarako bidaia

Industria iraultzarako bidaia

Natalia Salazar Orbe

Artilea jaso, hari bihurtu, eta hari horrekin ehundutako produktuak ekoitzi. Horixe egiten zuen La Encartada lantegiak. 1892ra atzera egin, eta industrializazio garairako bidaia eskaintzen du izen bereko museoak Balmasedan. Hala azaldu du Begoña Ibarra zuzendariak: “Fabrika bat da ikus daitekeena”. Lantegi bat, museo bihurtuta. Hamar urte bete berri ditu era horretan.

1892an sortu zen lantegia, hiribilduko Marcos Arena Bermejillo indianoaren ekimenez. Ehun urte egin zituen martxan, 1992an itxi zuten arte. Oso garai onak, oparoak, ezagutu zituen. Baina zenbait erabaki eta arrazoi tarteko, krisian sartu zen: “Makinetan eta bestelakoetan ez zuten inbertsiorik egin. Azken urteetan, gainera, produktu bakarra egiten zuten: txapela. Eta salmentek behera egin zuten”. Ehun urte horietan ekoizpen eredu berari eutsi zioten, gainera: “Ez zen espezializatu, eta produktua garesti samar ateratzen zen”.

Izan ere, ekoizpen prozesu osoa La Encartadan bertan egiten zuten. “Lehengaia, artilea, sartzen zen, eta produktua bukatuta ateratzen zen. Prozesu guztiak batean eginda, hainbat lantegi batera egongo balira bezalakoa zen”. Hori ere izan zen itxiera eragin zuten arrazoietako bat.

1992a iritsi eta ateak itxi behar izan zituztenean, aldundiak eta Balmasedako Udalak pentsatu zuten “industria ondare garrantzitsua” zegoela han, eta babestu eta mantendu egin behar zutela. 2002an monumentu multzo izendatu zuten. Bost urte geroago zabaldu zituen ateak museo gisa, gizarteari ondare hori erakutsi ahal izateko.

Hilean gai bat da ardatz

Aurtengoa urteurren berezia izanik, hainbat jarduera antolatu dituzte hamar urteko ibilbidea ospatzeko. Museoaren egitekoa ondo ulertaraztea da aurten duten eginbeharretako bat. “Jendeak sarri pentsatzen du tailer txiki bat dela. Inondik inora ere ez. Museoan ikus daitekeena fabrika bat da”. Makina guztiak zeuden lekuan kokatuta daude, lantegi gisa dagokien lekuan, alegia.

2017ko hilabete bakoitzean gai bat landuko dute, eta, hori oinarri hartuta, museoko ohiko programazioaz gainera, askotariko jarduerak egingo dituzte. Bihar bertan egingo dute eurenean arrakasta handia izaten duen horietako bat. Familientzako edo heldu eta umeentzako tailerra da: Zer egingo zenuke zuk orain 100 urteko fabrika batean? Bisitariak garai hartako arropekin jantzi, eta, sexuaren eta adinaren arabera, garai hartan egokituko litzaizkiekeen araberako lanetan jartzen dituzte. “Ume txikiek fabrikan ez zuten lanik egingo, baina eguerdian gurasoei edo, bereziki, amari, bazkaria ekartzera etorri beharko zuten”. Bisitariei asko gustatzen zaiela kontatu du.

Emakumea protagonista

La Encartadako langile gehienak emakumeak ziren. Beraz, andrea protagonista duen hilabete bat ezarri dute. Martxoa aukeratu dute horretarako. Hainbat jardueraren bitartez islatuko dute zer-nolako baldintza eta egoeratan aritzen ziren beharrean. “Besteak beste, gizonek baino soldata txikiagoak zituzten, eta lan ordu mordoa zuten”.

La Encartada 1918an bisita antzeztuan ikusi ahalko da, besteak beste, garai hartako emakumeen egunerokoa. Balmasedako herritar boluntarioek 1918rako bidaian murgilarazten dituzte bisitariak. “Garai hartako hainbat egoera sozioekonomiko azalaraziko dituzte”.

1918ko gizartearen errealitatea fabrika batek sortutako ekosistemaren barruan islatuko dute. Eta emakumearen zapalkuntza ere, normaltzat hartzen zena, presente izango da. “Emakume ezkongabe bat da protagonistetako bat. Oso txikia zela sartu zen lantegian beharrean, bertako norbaiten loba zelako. Fabrikan sartu zenetik 40 urte egin dituenera arte dirua berak ez duela sekula ikusi kontatuko du”.

Ikastetxeentzako programazioari ere helduko diote. Berdintasunean hezi programa bi emakumek gidatzen dute. “Bata joan den mendeko emakume baten gisan irudikatzen dugu; eta bestea gaur egungoa da”. Antzinatik gaur egunera arte egon diren aldaketak azalduta, ikasleek hausnarketa eta eztabaida prozesua zabaltzen dituzte.

“Gaur egungo emakumeak kontatzen die txikia zenetik kontu korronte bat izan duela, eta 18 urte betetzean berak ekin ziola bere dirua kudeatzeari. Besteak ez. Ezkondu aurretik aitari eman behar zion; eta, ostean, senarrari. Ikasketarik ez zeukan, ezin izan zuen ikasi, txikitatik lanean hasi behar izan zuelako. Besteak, aldiz, unibertsitate ikasketak ditu, eta beste lan batzuk egiteko aukera du”.

Lekukotasunak

La Encartada museora egiten diren bisita guztiak gidatuak dira, “makina batzuk besterik gabe ikusteak ez daukalako zentzurik; bisita gidatuetan prozesu guztia azaltzen dugu”.

Fabrikan antzina zeuden bulegoak ere ikus daitezke. Baita ugazabek bertan zuten etxebizitzaren erreprodukzioa ere. Bulego, etxebizitza eta lantegiari ez zieten nahikoa iritzi museoaren arduradunek lantegi haren erraiak ezagutzera emateko, ordea. “Konturatu ginen fabrika batek pertsonak ere badauzkala: langileak, jabeak, saltzaileak…”. Eta horien denen lekukotasunak bideo batean jaso zituzten. Ez dira igaro horrenbeste urte lantegia itxi zutenetik. Beraz, langile ohi asko aurkitu dituzte laguntzeko prest. “Hunkigarria da. Bideoan ikusten da garai onak izan zirela. Euren hitzetan eta keinuetan alaitasun hori nabaritzen da. Lantegia ixtea oso gogorra izan zen. Garai hartan, lantegietan familia osoak aritzen ziren lanean. Penaz hartu zuten itxiera”. Urteek baretu dute samin hura. Eta lantegiak ez, baina La Encartada izan zenaren oroitzapenak eta ondareak, behintzat, zutik diraute.