Errenazimentuko artistak inspiratu zituzten andreak gogoan

Maitasuna bere testuinguruan izeneko hitzaldia emango dute gaur, Bilboko Berreginen Museoan. San Valentin eguna baliatuko dute horretarako. Hain zuzen ere, Errenazimentuan euren edertasunagatik ospetsu bilakatuta, garaiko humanistengan maitasunak piztu zituzten emakumeak izango dira berbaldiko gai nagusia. Horrez gain, artistentzako musa bihurtutako andreei buruz ere mintzatuko dira gaurko hitzaldian.

Besteak beste, Lore sortadun dama izango dute mintzagai. Eskultura horren egilea nor den oraindik ez dute argitu adituek. Batzuen ustez, Ginevra Benci da emakumea; Leonardo da Vincik erretratu ospetsu batean egindakoa. Bernardo Bomboren maitasun platonikoa izan zen Benci, eta hainbat olerki eskaini zizkion. Beste batzuen ustez, Lucrezia Donati da. Lorenzo Bikainaren maitasun platonikoa izan zen.

Simoneta Vespucci ere izango dute mintzagai, 18:00etan hasiko duten konferentzian. Historialari eta kronikariek diotenez, Florentziako garai hartako gazte guztiak maitemindu ziren andre hartaz; baita Medici anaiak eta Botticelli margolaria ere. Azken horrek, gainera, bere musa bilakatu zuen.