Aisiari astindua emateko garaia

Aisiari astindua emateko garaia

Natalia Salazar Orbe

Olentzerori eta Mari Domingiri harrera egiteko kalejirez gain, hainbat jarduera antolatu dituzte Gabonetarako herri gehienek. Urte zaharra atzean utzi eta berriari behar bezalako ongietorria emateko egunetarako, egitarau zabalak prestatu dituzte. Helduentzako ikuskizunak ere badaude horietako batzuetan.

ARRIGORRIAGA

Arte eta aisialdirako tarte ugari eskainiko du Arrigorriagak. Euskarazko film eta antzezlan bana taularatuko dute: Tom txiki eta ispilu magikoa eta Martina eta paperezko basoa, hurrenez hurren. Umeentzako Parkea hilaren 29an eta 30ean irekiko dute, goizez eta arratsaldez.

Jarduera bitxiagoekin abiatuko dute, hala ere, Gabonetako egitaraua. Haurrentzako xake txapelketa martxan dago atzotik. Gaur bukatuko dute. Grafiti eta horma-margoen erakustaldi bat ere egingo dute gaur, Olatxu auzoan. Astearterako bisita gidatu moduko bat antolatu dute, grafitiok zelan egin diren ezagutarazteko eta artisten asmoen berri emateko.

Bestalde, puzgarriak eta bideo jokoak jarriko dituzte, 2 eta 14 urte arteko ume eta gazteentzat, astelehenetik asteazkenera bitartean. Haurrentzako txokoa, ludoteka eta tailerrak ere izango dituzte zentro soziokulturaleko ekitaldi aretoan.

BARAKALDO

Magia izango dute protagonista Barakaldon. Korea, Japonia, Ukraina eta Italiako magoek euren trikimailuen erakustaldia egingo dute Barakaldo antzokian. Hilaren 2rako antolatu dituzte ikuskizunok.

Bestalde, haur, gazte eta helduentzako gune bilakatuko da herriko plazan aurten ere jarriko duten erabilera askotarako Gabonetako karpa. Doako ikuskizunak eramango dituzte bertara. Cirque du Soleileko clown baten emanaldia eta filmak izango dituzte bertako aukeretako batzuk.

Musika izango du beste osagaietako bat Barakaldo antzokiak. Besteak beste, Alos Quartet, Oreka TX eta Aukeran dantza konpainiaren emanaldia, Diana Navarro eta habanerak entzuteko aukera eskainiko du.

Haurrentzako ludoteka zabalduko dute gaur, frontoian. Goizez eta arratsaldez hartuko ditu urtebete eta 8 urte arteko haurrak.

BERMEO

Gabonetako kontsumismoari beste eredu batetik heltzeko aukera emango du Bermeoko Azoka Elkarteak. Abenduko ostiral arratsaldeetan zabalduko dituzte postuak. Horrez gain, erdigunean Truke Festarako tartea utziko dute. Herritarrek elkarren artean trukeak egin eta benetako plaza giroa sortzea da helburua.

Kostaldeko herria izanik, aurten ere ez dira falta izango urarekin lotutako umeentzako jarduerak. Puzgarriak jarriko dituzte hainbat egunetan igerilekuan. Hilaren 31rako portuan egin dute hitzordu berezia, urteko azken bainua taldean eta giro onean hartu nahi dutenentzat. Hotzari beldurrik ez dioten ausartenak elkartuko dira bertan, mozorroak eta umore ona baliatuta. Ipuin kontalariak eta Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizuna ere izango dira.

BILBO

Umeak eta haien familiak ez aspertzeko aukera ugari eskainiko ditu hiriburuak datozen egunetan. Museoek jarduera bereziak prestatu dituzte. Guggenheimen, esaterako, artea, dantza, musika eta keinu hizkuntza uztartuko dituzte. Artelan bereziak sortzeko Gabonetako aurpegiak tailerra izango da, eta argazkien collage handi bat egiteko aukera emango dute. Bestalde, Isiltasuna dantzatzen ikuskizunean antzerkia, dantza, musika eta poesia uztartuko dituzte keinu hizkuntzarekin.

Familientzako zein haurrentzako tailerren eskaintza zabala dakar, aurten ere, Arkeologia museoak. Besteak beste, arkeologo baten azalean jarrita lan egiteko eta zeramika lantzeko aukerak zabaldu dituzte.

Euskal Museoak eta Berreginen Museoak ere tailerrak prestatu dituzte. Gizateriaren plastihistoria eta Estereoskopiak 16+16 aldi baterako erakusketen ingurukoak dira euskaraz eskainiko dituzten bi tailerrok.

Haurtxo txikien arreta bereganatzeko moduko ikuskizuna lurreratuko da Azkuna zentroan. Pantzart konpainia bilbotarrak Plisti-plasta taularatuko du, 0 eta 3 urte bitarteko haurrentzat. Xaboi burbuilak dira ikuskizunaren protagonistak. Formen mugimenduez eta txotxongilo, pailazo, koloretako ilargi eta abarrez baliatzen da Plisti-plasta haurrengan ustekabeak eta harridurak sorrarazteko.

Herri denda ere itzuli da, beste urtebetez, Zirika herri gunera. Erronda kalean kokatu dute 33 eragilek osatutako azoka. Kolektiboek dituzten materialak eskaini, besteenak ikusi eta elkarrengandik ikasteko baliagarria den topagune gisa aurkeztu dute. Arropak zein liburu eta disko bereziak dituzte han aukeran.

DURANGO

Euskal liburu eta disko azokaren ajea igarota, buru-belarri sartu da Durango Gabonetako ospakizunetan. Haurrentzako ipuin kontaketa ingelesez hartuko dute gaur, udal liburutegian. Umeek hainbat egun izango dituzte Landako gunean jarriko duten Gabonetako parkeaz gozatzeko. Zirku emanaldiek ere girotuko dute herria: San Agustin kulturgunean Maluta II ikuskizuna taularatuko dute.

GETXO

Kirola eta aisia uztartuko dituzte egunotan, Getxon. Haurrak eta gazteak izango dituzte protagonista nagusi. Getxolandia Gabonetako parkea inauguratuko dute gaur, Areetako geltokian. Itzubaltzetako kultur etxeak hainbat proposamen ludiko antolatu ditu: sukaldaritza tailerrak, txotxongiloak eta irudimena eta sormena lantzeko hainbat jarduera.

Antzezlanak, jokoak, tailerrak, lankidetza jolasak eta mota askotako dinamikak aurkituko dituzte umeek eta gazteek auzoetako guneetan. Bizarra Lepoan elkarteak Bapiruke koloniak antolatu ditu aurten ere, euskaraz.

Kirolari dagokionez, hainbat taldek hamasei campus eskainiko dituzte. Besteak beste, ondokoak: gimnastika erritmikoa, saskibaloia, igeriketa eta tenisa.

PORTUGALETE

Portugaleten ere, beste herri askoren antzera, gaur irekiko dute Gabonetako parkea. Zubi Alde kiroldegian kokatuko dute.

Datozen egunetan hainbat film emanaldi eskainiko dituzte; gehienak, gazteleraz. Txotxongiloen Kontu Kontari musika ikuskizunak eta Tarzan, legenda biziberriturik filmak eramango dute euskara herriko kultur guneetara. Urtarrilean eskainiko dituzte biak. Baita Magic Spectacular magia ikuskizuna ere. Sun magoa izango du protagonista azken horrek.

SANTURTZI

Ikuskizun eta jardueraz betetako egitaraua prestatu dute Santurtzin datozen egunetarako. Haurrek aisiaz gozatzeko Gabonetako parkea izango dute han ere. Horietan, jolasak, tailerrak, puzgarriak eta hamaika ikuskizun aurkituko dituzte, hala nola pailazoak, zirkua eta magia emanaldiak.

14 eta 30 urte arteko gazteek bideo jokoetan aritzeko, errealitate birtualeko betaurrekoak eta ping-pong partidak zein dantzatzeko edo abesteko makinak erabiltzeko aukera izango dute. Uretara hurbiltzeko, puzgarriak jarriko dituzte igerilekuetan. Horrez gain, denetariko tailerrak prestatu dituzte, besteak beste, sukaldaritza eta uretako maketena.

Helduentzako ikuskizunen artean Intxaur-hauskailua balleta nabarmentzekoa da: urtarrilaren 4an taularatuko dute.

ZALLA

Familia giroan gozatzeko txotxongilo ikuskizun bat aurkeztuko dute Zallan: Kontu Kantari antzerki kontzertua asteazkenean taularatuko dute, Zine antzokian.

ZORNOTZA

Puzgarriak, tailerrak, musika eta hainbat jolas barne hartzen ditu Gabonetan Jai umeentzako programak. Hilaren 26tik 30era bitartean izango da, Zelaieta zentroko pilotalekuan, goizez eta arratsaldez. Arratsalde-iluntzeak eta gauak izango dituzte eurentzat gazteek. Mahai jolasak, bideo jokoak, errealitate birtuala, futbolina eta ping-ponga izango dituzte aukeran, 22:00etara bitartean. Beste hainbat herritan ohitura den legez, Zornotzan ere San Silvestre lasterketarekin esango diote agur urteari.