Iñigo Astiz
14.000 urte inguru behar izan dituzte Lekeitioko Armintxe eta Berriatuko Atxurra kobazuloetan bisonte, ahuntz eta lehoi irudiek albiste bilakatzeko. Maiatzean eman zuten Bizkaiko Aldundiak eta Ades espeleologia taldeko kideek Atxurran topatutako labar pinturen berri, eta urriaren 13an eman zuten Armintxeko aurkikuntzaren albistea. Garrantzitsuak biak, eta bereziki ikusgarriak Lekeitiokoak. Lekeitiokoa “gizateriaren altxor bat” zela esan zuen Unai Rementeria ahaldun nagusiak hedabideen aurrean egindako aurkezpenean, eta aurkikuntzaren garrantzia azpimarratu zuen. “Adituen arabera, Iberiar penintsulan dagoen grabatu multzo zirraragarri eta ikusgarrienetakoa da”.
Kobako sarreratik 50 metrora topatu dituzte Armintxen irudiak, eta Madeleine garaiko goi paleolitokoak direla zehaztu dute. Oraingoz, hemezortzi zaldi, bost ahuntz, bi bisonte eta zehaztu gabeko lau hankako lau animalia identifikatu dituzte. Gainera, bi lehoiren irudiak ere topatu dituzte. Eta garrantzitsua da azken datu hori, arkeologoen hitzetan, orain arte ez baita animalia horren garai hartako irudirik topatu Kantauri isurialdeko ezein leizetan. Irudi abstraktuen multzo garrantzitsu bat ere aurkitu dute animalien margolanekin batera.
Santutegi handia
Atxurran 70 dira, guztira, identifikatu ahal izan dituzten animalia irudiak. Bizkaian, Santimamiñe koban baino ez zuten orain arte halako multzo handirik ikusi arkeologoek, eta balio dezake datu horrek Berriatuan egindako aurkikuntzaren garrantzia ulertzeko. “Hau ez da kobazulo txiki bat; hau santutegi handi bat da”, azaldu zuen maiatzean Diego Garate arkeologoak.
“Zaintza maila gorena” ezarri die aldundiak bi kobei, eta, aurreratu dutenez, ez da bisitatzeko aukerarik izango. Ondare hori hedatzeko bideak bilatuko dituztela hitzeman dute, halere.