Eltzeko onenen sekretua

Lehiaketa

Loiu

Lapikoan bor-bor egindako indaben usainak hartuko ditu Loiuko txoko guztiak datorren domekan. Izan ere, Nazioarteko Putxera Txapelketa antolatu du udalak. Aurtengoa hirugarren norgehiagoka izango da, eta, aurreko urteetako arrakasta ikusita, jende askok parte hartzea espero dute antolatzaileek. Lehiaketan parte hartu nahi duenak egunean bertan eman dezake izena. 09:00etarako agertu beharko dute Loiun.

Lapikokoak prestatu ostean, 14:00etan aurkeztu beharko dituzte. Lapikokorik onena egiteko osagaiak zeintzuk izango diren ere aurreratu dute antolatzaileek: indaba gorriak, saiheskia, odolostea, txorizoa, urdaia, baratxuria, tipula, piperra, porrua eta azenarioa. Osagaiak zehaztuta, sekretua lehiakide bakoitzak jarri beharko dio bere eltzeari.

Aurkeztutako lapikokoak bazkaltzeko lekua ere atondu dute aurten: frontoia prestatu dute horretarako, parte hartzaileek bertan bazkal dezaten, “lasai eta aterpean”.

Berritasun gehiago ere izango dira domekako lehiaketan; izena emateko kuota merkeagoa izango da. Hain zuzen, iazkoaren erdia ordaindu beharko dute parte hartu gura dutenek aurkezten duten lapikoko bakoitzeko: bost euro.

Bestetik, sari gehiago banatuko dituzte: hain justu, irabazlearentzat 290 euro aurreikusi dituzte, eta txapela eta urrezko lapiko bat; bigarrenak 250 euro eta zilarrezko lapiko bat jasoko ditu; hirugarrenari 200 euro eta brontzezko lapiko bat emango dizkiote; laugarrenari, 150 euro; azkenik, bosgarrenak 100 euro eroango ditu etxera. Horrez gain, ardoa eta txakolina banatuko dituzte parte hartzaileen artean, eta lapiko bat emango diote indabarik goxoenak prestatzen dituen loiuztarrari.

Iazko txapelketan 85 lapikoko lehiatu zirela ekarri dute gogora antolatzaileek. Gainera, Txorierriko lehiakideak ez ezik, Sopelako, Bilboko, Barakaldoko, Bakioko, Santurtziko, Lanestosako, Tuterako (Nafarroa) eta Burgosko (Espainia) parte hartzaileak ere izan zirela azaldu dute. Informazio gehiagorako edo erreserba egiteko, telefono zenbaki hau eman dute: 688 67 95 88.