Barakaldo
Arrazakeria eta tolerantzia arazoak umeek ulertzeko moduan erakutsiko dituzte bihar Clara Campoamor gizarte etxean, Baserriko saltsan txotxongilo antzezlanaren bitartez. Beste urtebetez, familiako kide guztientzako arte eszenikoen programa abiatu dute Barakaldon.
Denboraldi berriari hasiera emango dion saioa 4 urtetik gorako haurrentzat da. La Baldufa Lleidako (Herrialde Katalanak) antzerki konpainiaren ikuskizunaren euskarazko bertsioa da taula gainera eramango dutena. Antzezlan horretan fabula gisa landuko dituzte gaur egun puri-purian dauden gizarte gatazkak: besteak beste, arrazakeria eta tolerantzia. Hala ere, umeentzako ikuskizunak izanik, modu erraz batean landuko dituzte gaiok, eta umore onez.
Baserriko saltsan antzezlana baserri batean garatuko da. Bertan hainbat animalia bizi dira, eta bat-batean, oilo andrearen arrautza bat desagertuko da. Jazoera horretatik aurrera, nahasmena nagusituko da, eta baserriko bizilagunek konfiantza galduko dute bata bestearekiko.
Bihar hasita, martxoaren 15era bitarteko programa aurkeztu du udalak. Helburua 4 eta 11 urte arteko gaztetxoak kultur jarduera horietara joan daitezen bultzatzea da; ahal dela, familia giroan, besteak beste, guraso zein aitona-amonekin.
Gainera, jakinarazi dute arte eszenikoen programak gero eta ikusle gehiago erakartzen dituela. Hain zuzen, emandako datuen arabera, iaz, urritik abendura bitartean, emanaldi horietako bakoitzean, batez beste, 224,23 ikusle izan ziren. Hiru hileko horretan, guztira, 827 ume, 714 heldu, 26 zahar eta lau gazte bildu ziren antolatutako zazpi ikuskizunetara.
Datorren asteari dagokionez, Gurutzetan egingo dute emanaldia. Elmer eta elefantea saioa ikusteko aukera izango da. Teatro de la Luna Madrilgo antzerki konpainiak taularatuko du. Ikuskizun hori ere, biharkoa bezala, euskaraz izango da.
Sarrerak Gurutzetako kultur etxean edo Clara Campoamor gizarte etxean —antzezlana antzeztuko duten lekuaren arabera— egongo dira salgai, hiru eta bi eurotan.