San Anton animalien zaindari izendatu zenetik, haren egunez etxeko abereak bedeinkatzeko ohitura dago. Bizkaian, horretarako leku esanguratsuena Urkiolako santutegia (Abadiño) izaten da. Garai batean baserriko animaliak eramaten ziren, behiak tartean. Egun, etxeko animaliak eroaten dituzte; batez ere, txakur eta katuak. Eta, gaur ere, hala egingo dute askok. Goiz eta arratsaldeko mezak bukatutakoan, animaliak bedeinkatuko dituzte atarian.
Baita ogia eta ortuko produktuak ere. Ohitura hori dute Urkiolan. Santutegiak berak zazpiehun ogitxo inguru banatuko ditu. Dena den, azken urteetan geroz eta gehiago dira etxetik euren produktuak eroaten dituztenak.
Urtero legez, errepikapena egingo dute etzi. Eguerdiko meza nagusiaren ostean, dantzariak eta txistulariak izango dira, eta otarrak zozketatuko dituzte, ortuariz eta txerrikiz beteta.
Bilbon, gaur
Bilbon ere bedeinkatuko dituzte animaliak. Gaur izango da, 17:30ean, Zazpikaleetako San Anton elizan. Txarriduna txerriaren akademiak antolatzen du hiriburuko ekitaldia. Urtero, Vietnamgo arrazako txerrikumeak eroaten dituzte kalejiran.