Luis Iriondok 14 urte zituen Gernika-Lumo bonbardatu zutenean. Dioenez, oroitzapen “bereziki gogorrak” dakartza gerrak. Iraganean geratu barik, etorkizunean bakea landatzen jarraitu behar dela deritzo.
Ezagutzen duzu Alfredo Kindelan frankisten abiazioko buruzagia?
Izena entzun dut noizbait, baina ez nekien horrenbesteko ardura zuenik. Ez dago dokumenturik bonbardatzeko agindua hark eman zuen jakiteko, baina, abiazioko burua izanez gero, saltsan ibiliko zen.
Gaur egun ere, frankismoaren gertakariak eta pertsonaiak goraipatzea bidezkotzat jotzen duzue?
Francoren garaiko kontuak iragana dira. Hala, aurrera begira jarri behar dugu. Inor ere ez dugu biziberrituko iraganeko basakeriak goraipatuz. Hori dela eta, frankismoaren hondakinak deuseztatu behar direla deritzot. Leku askotan daude Frankoren garaiko oroigarriak; kaleak eta estatuak, esaterako. Alemanian edo Italian gizarteak ez luke ulertuko Hitler edo Mussolini goraipatzea.
Kindelanen katedraren arabera, berdin dio gizon horrek errepublikanoen edo frankisten alde borrokatzea. Abiazio merituak ditu aintzat. Ulergarri zaizu?
Lotsagarria da. Aurrera begira jarri behar dugula diot berriro. Iragana ezin daiteke ahaztu, baina bizitakotik ikasi behar dugu, etorkizunean berdina ez gertatzeko. Gerra gehiagorik ez egotea izan beharko litzateke helburua.
Oroigarriek min ematen dizute?
Niri ez. Aurrerantz joan behar dugu helburu garrantzitsuagoak lortzeko. Ezin gaitezke betiko geratu atzera begira.
Frankismoaren oroigarri eta ikurrak amaitzea aberasgarria izango litzatekeela deritzozu?
Uste dut baietz. Hala ere, gaur egun boterean dagoen alderdi politikoak ez du ezer egingo. Ez naiz ausartzen frankismoaren ondorengoak direnik esatera, baina bai antzekoak. Sinbolo horiek kentzea, gainera, lekuan lekuko herritarren ardura izan beharko luke. Herriak eskatu behar du horiek kentzea.
Iragana alde batera utzita, hortaz, bakearen alde egin behar da?
Erabat argi daukat bakearen alde egitea ezinbestekoa dela. Horren harira, Gernika-Lumoko biktimak ere bide hori egiten gabiltza. Iragana joan da, eta harengatik negar egiteak ez digu lagunduko.
Hiroshimako, Nagasakiko, Dresdengo, Tsuchisakiko eta Gernika-Lumoko bonbardaketen biktimak gerraren kontrako oihartzuna zabaltzeko konpromisoa hartu dugu. Etorkizuneko belaunaldiek guk bizi izan genuenaren berri ematen dugu. Ipar eta Hego Korearen arteko istiluak eta Siriako gerra bukatzea eskatu dugu azkenaldian, idatzi bidez.
Gogorra izan zen zuretzat gerra eta gerraostea?
Oso gogorrak izan ziren biak, baina gose gehiago pasatzen genuen gerraostean. 1936ko gerra amaitzean, Espainiak Alemaniaren eta Italiaren alde egin zuen, mundu guztiaren boikota jasoz.
Gerraosteko zer oroitzapen duzu?
Bonbardaketaren ostean Bilbora joan behar izan genuen bizitzera. Pasealekuko eskoletan, baina, herriko dendariek produktuak saltzen zituzten. Gure amak altzari denda bat zuen, eta han egoten zen. Horri esker, zapatuetan amak jatekoa ekartzen zuen Gernika-Lumotik. Arropa artean ezkutatuta ekartzen zituen, eta batzuetan umedun plantak egiten zituen. Ni egunero joaten nintzen amaren bila Atxurira, eta egun batean ikuskariek harrapatu zutela ikusi nuen. Ama negarrez zegoen, eta eztabaidan sartu nintzen. Gaixo nengoela eta arrautzak niretzat zirela esan nuen.