Balmaseda
Balmaseda eta Zalla herriak lotuko dituzte gaur hainbat eta hainbat korrikalarik: herri batetik bestera korrika egingo dute Balmaseda-Zalla-Balmaseda herri krosean parte hartuta. Atletismoaren egutegitik kanpo urte asko egin ostean, 2011n berriro hasi ziren antolatzen lasterketa hori.
Urte horretatik aurrera, txandaka izaten dira Zalla eta Balmaseda lasterketa horren abiapuntua: urte bikoitietan Zalla eta bakoitietan Balmaseda. Aurten, beraz, San Seberino plazatik aterako dira korrikalariak.
Hamalau kilometroko ibilbidea egin beharko dute parte hartzaileek, Balmasedatik Zallara, eta handik bueltan berriz ere abiapuntura. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, lasterketa osoa errepidez egingo dute; hau da, ibilbidea asfaltatuta dago. Horrez gain, aldapa handirik ere ez dutela aurkituko azaldu dute, eta ibilbidea “orekatua” izango dela.
Familia lasterketak
Aurten jarduera berezi bat prestatu dute familiako kide guztientzat: familia lasterketa antolatu dute, hain zuzen ere. Proba horren xedea ez da lehiatzea. Helburu nagusia da familiako kide guztiek elkarrekin kirola egiteko aukera izatea.
Haurrek ere izango dituzte, gainera, eurentzako propio prestatutako lasterketak. Goiz osoan egingo dituzte proba horiek. 10:15ean hasiko dira, eta neskato eta mutikoek maila eta distantzia desberdinetan lehiatzeko aukera izango dute.
Lasterketa nagusiari dagokionez, 11:30ean aterako dira lehiakide guztiak Balmasedako plazatik. Parte hartzeko nahitaezkoa da aurretiaz izena ematea. Dena den, herri krosean lehiatzerik ez dutenek era horretako lasterketek sortzen duten giroaz gozatzeko aukera izango dute.
HERRI KROSA
Lasterketa. 11:30ean aterako dira korrikalariak Balmasedako San Seberino plazatik.
Familia lasterketak. Proba nagusiaz gain, haurrentzako zein familiako kide guztientzako lasterketa bereziak ere izango dira, 10:15etik aurrera. Horien helburua ez da lehiatzea izango.