Berrerabilpena helburu

Azoka

Lezama

Ohiko kontsumoaz eta erosketez haratago beste salerosketa eredu bat ere badela agerian utziko dute etzi, Lezaman: trukearena, hain zuzen ere. Bertako Trukezaleak elkarteak III. Truke Azoka antolatu du.

Eguraldiaren arabera, azoka Lezamako pilotalekuan edo udaletxearen aurreko plazan jarriko dutela jakinarazi dute antolatzaileek. Batean zein bestean, 11:00etatik 14:00etara bitartean egongo da batzuen eta besteen artean trukea egiteko aukera.

Truke azokaren helburu nagusiak birziklatzea eta berrerabilpena dela jakinarazi du Trukezaleak elkarteak. Besteak beste, orain arteko azoketan liburuak, arropa, etxeko tresnak eta altzariak nagusitu badira ere, edozein gauza trukatu daitekeela ekarri dute gogora. Hain zuzen, “lana, denbora, etxea… Bakoitzari bururatzen zaiona truka daiteke”, azaldu dute elkartetik.

Gaztetxoenek ere euren trukeak egiteko aukera izango dute: kromoak, joko elektronikoak, jostailuak… Umeen presentzia garrantzitsua dela deritzote, gainera. Izan ere, era horretako azoken bitartez gauzak lortzeko eta pertsonen artean laguntza emateko beste era batzuk egon badaudela ikasten dutela uste dute. Azpimarratu dutenez, “trukea eginez, batetik, garapen iraunkorrago bat lortzen da; eta, bestetik, gizarte bihozberago bat”. Iaz hasitako lanaren jarraipena izango da domekakoa.

Informazio gehiagorako eta izena emateko, lezamakotrukezaleak@gmail.com helbide elektronikora mezu bat bidaltzea gomendatu dute. Bestela, 94-455 41 17 telefono zenbakira dei daiteke.

Zallan, bigarren eskukoak

Bestalde, Zallan ere azoka egingo dute domekan. Hain zuzen ere, Enkarterrialde landa garapenerako elkarteak Arangureneko Bigarren eskuko III. Azoka antolatu du. 10:00etatik 15:00etara bitartean egingo dute Ibarrekolanda frontoian.

Gehienez, 50 saltokirentzako lekua aurreikusi dute antolatzaileek, eta, horietan, era guztietako produktuak aurkitu ahal izango direla jakinarazi dute. Besteak beste, altzariak, liburuak, arropa, jostailuak edota musika egongo dira salgai.