Bilbo
Kordelak edo aktoreen eskuak gainetik edo atzean dituzten panpinek beteko dituzte egunotan Bilboko hainbat txoko: Nazioarteko 32. Txotxongilo jaialdia antolatu du Txirlora elkarteak. Aurten berritasunak izango ditu, gainera. Hain zuzen, agertoki desberdinetara eramango dituzte munduko hainbat lekutatik etorritako txotxongilo antzerki taldeak, Concha de la Casa jaialdiko zuzendariak azaldu duenez: “Jendearen parte hartze handiagoa bultzatuko dugu”.
Bidebarrieta liburutegia, Pabiloi 6 gunea, Harrobia Eskena, Itsas Museoa, El Carmen aretoa eta Barrainkua kultur etxea izango dira aurtengo agertokiak. Bihar hasi eta hilaren 24ra arte hainbat antzezlan ikusteko aukera izango da horietan. Horrez gain, dagoeneko zabalik dagoen Carmen Hayman y el mundo de Lorca (Carmen Hayman eta Lorcaren mundua) bisitatzeko aukera dago Barrainkua kaleko kultur etxean, azaroaren 29ra arte.
Bihar egingo dute jaialdiaren inaugurazio ofiziala, Bidebarrieta liburutegian, 11:30ean. Bertan, Galiziako Viravolta elkarteak Barriga verde (Sabel berdea) lana taularatuko du.
Bestalde, domekan, Gasteizko (Araba) Panta Phei konpainiak Auzokideak euskarazko antzezlana aurkeztuko du Harrobia Eskenan. 12:30ean taularatuko dute ikuskizuna.
Lanegunetan ere zer ikusi izango da. Astelehenean, esaterako, Bilboko El Tenderete taldeak Basoko ipuin laburrak emanaldia eskainiko du. 10:00etan eta 11:30ean ikusi ahalko da, Itsas Museoan.
Asteartean, Kukubiltxo Larrabetzuko taldeak Leihotik mundura antzezlana taularatuko du. 10:00etan eta 11:30ean egingo dituzte saioak, Itsas Museoan.
Asteazkenean, El Telon (Cordoba, Argentina) konpainiaren eskutik, Marineros y piratas (Marinelak eta piratak) lana ikusteko aukera izango da. Hori ere Itsas Museoan antzeztuko dute, 10:00etan eta 11:30ean.
Ikastaroak eta foroak ere izango dira jaialdian; beti ere, txotxongiloak oinarri dituztela. Erreferente bihurtu da jaialdia, eta Euskal Herrian egiten direnen artean zaharrena ere badela azaldu dute antolatzaileek.