Euskal herritarrak mendeetan euren atzetik ibili arren, gaur egun, oraindik ere, erabat ezezagunak dira zetazeoak. Misterioz inguratutako ezezagutza horren barruan argi pixka bat emateko jarri dute Plentziako Plasentia de Butron museoan Baliak, baliak! Zetazeoak, ehizatik kontserbaziora erakusketa. Batetik, balea arrantza Euskal Herrian zer-nolakoa izan zen jasotzen da erakusketan. Bestetik, AMBAR Itsas Faunaren Ikerketa eta Babeserako Elkartearen laguntzarekin, gaur egun espezie horien nondik norakoak eta euren kontserbaziorako egin beharrekoak zeintzuk diren ezagut daitezke.
Plentziaren eta itsasoko izaki handien arteko elkarbizitzari buruzko historia osatzeko baliabideak aurki daitezke erakusketan. Panelen eta infografien bitartez eman dute zetazeoen munduari buruzko informazioa: euren historia, ezaugarriak, zelan arrantzatzen zituzten mendeetan zehar eta gaur egun kontserbatzeko beharra.
Horretarako, zetazeoen buruhezurrak, arpoien erreplikak, baleen ornoak, espezie horren koipea olio bihurtuta… denetariko elementuak aurkituko ditu bisitariak “ederra bezain ezezaguna den mundu hori” ezagutzeko, David Crestelo museoko arduradunak jakinarazi duenez.
Historiaren alorra
Erakusketaren atal historikoari dagokionez, Crestelok azaldu du badauzkatela Plentziako bizilagunen arbasoek baleak arrantzatzen zituztela baieztatzen duten datuak: “1299ko hiri gutunak, hain zuzen, balea arrantzatzeko jurisdikzio zehatza jasotzen du”. Plentziako herriaren diseinuan bertan ere jarduera horren eragina nabarmena dela deritzo museoko arduradunak. Besteak beste, Santa Maria Magdalena elizako dorrea kostaldea ikusteko talarik onena izatea kasualitateari ezin egotzi dakiokeela iritzi dio. Horrez gain, egun Plasentia de Butron museoaren egoitza dagoen eraikina lehenengo udaletxea zen, eta bertan hiribilduko lehenengo harrizko armarria ageri da, 1562koa: Plentziako irudi adierazgarriena gisa baleak arrantzatzeko ontzi bat ageri da.
Lekeitio bezalako beste herri batzuetan, bestalde, baleen industria portuko azpiegiturekin lotuta zegoela azaldu du David Crestelok. Horren adierazgarri da 1391n erabaki zutela baleen mihiak saldutakoa kaiak konpontzeko izan behar zuela. Plentzian datuok berrestea ezinezkoa dela dio, oso dokumentu gutxi daudelako.
Kontserbazioaren alorrari dagokionez, besteak beste, gure kostaldean zetazeo bat agertuz gero zelan jokatu behar den landu dute. “Zer egin behar dugu? Zelan zaindu? Nori deitu? Itsas txakur bat ikusten dugu kostaldean, eta ‘ze polita!’ pentsatzen dugu. Hala ere, kontu handiz ibili behar dugu. Estresatu egiten dira egoera horietan. Beraz, era horretako egoera batean zer egin behar den azaltzen da”.
Bestalde, azken urteetan kostaldean agertu diren baleen berri ere ematen da. “Ospetsuena, Donostiako Kontxakoa izango da, agian”, dio. Zetazeo horrekin zer gertatu zen eta erakundeek egin zuten lan ona jaso dute. Bitxikeriaren bat edo beste ere aurki daiteke: “Izurde bat agertu zen Sopelako hondartzan. Oso bitxia da, oso ezezaguna delako. Munduan hiru lekutan soilik ikertzen da, tartean, hemen. Bada, AMBARko kideek lortutako irudiak oso baliagarriak” izan zirela azaldu du.
Arrantzak kostaldeko herrietan izan duen garrantziaz jabetuta erabaki dute erakusketa hori martxan jartzea. AMBAR elkarteak egoitza Plentzian izateak ere eragina izan du, “elkarlanerako” oso baliagarria delako. Itsasoko mundu misteriotsu hori, gainera, “milaka milietara dagoela iruditu arren, gure begiekin ikus dezakegu geure kostaldetik bertatik”, ondorioztatu du Crestelok.
ERAKUSKETA
Goizez. Asteazkenetik igandera, 11:00etatik 14:00etara bitartean bisita daiteke.
Arratsaldez. Ostiral eta larunbatetan arratsaldez ikusteko aukera ere badago, 17:00etatik 20:00etara.