Bakailaoa, bost zentzumenekin

Pil-pilean prestatutako plater bat. Horixe da Bilboko Itsas Museoan ikusgai dagoen Bakailaoa. Zentzumenen sugestioa erakusketaren hari gidaria. Parte hartzean oinarritutako bisitak lortzea da erakusketaren erronka, bisitariek aukera izan dezaten gauzak manipulatzeko, erabakiak hartzeko, beren buruari galderak egiteko eta erantzunak aurkitzeko. Erakusketa sortu zutenean idatzitako ehun hitz baino gehiago ez jartzeko erronka adostu zuten. Gainerako guztia sugestioaren esku uztea zen helburua, bisitariek informazioari bost zentzumenetatik hel ziezaioten. Hain zuzen ere, bisitaria erakusketaren komunikazioko prozesuan sartu nahi dute.

Erakusketak ikuspegi gastronomikotik heltzen dio bakailaoaren gaiari. Horretarako, zentzumenak, emozioak eta ustekabeak erabiltzen ditu. Bisita bakoitza esperientzia pertsonal bat izatea du helburu, besterenezina.

Hiru arlo lantzen dira erakusketan. Batetik, bakailaoa bera, lehengaia dago. Bakailaoa bere habitatean agertzen da. Haren anatomia eta ezaugarriak zeintzuk diren zehaztuta ageri dira, eta baita zer jaten duen eta elikagai katean zein leku duen ere. Bizirik irauteko zentzumenak dira lehenengo atal horretan nabarmentzen direnak.

Bigarren arloan pertsonak eta bakailaoarekin duten harremana azaltzen dira. Hain zuzen, komunitatean bizitzeko zentzumenak azpimarratu dituzte hor. Bakailaoaren arrantzaren nondik norakoak eta horri lotutako jarduera guztiak azaltzen dira, besteak beste, bateko zein besteko komunitateak eta haien ohiturak, industriak edota legeak. Bakailaoa Euskal Herriko kulturako gastronomiako produkturik garrantzitsuenetako bat dela deritzote erakusketaren arduradunek, eta bertako jaietan, artean, literaturan eta, jakina, elikaduran esku hartzen duela.

Azkenik, hirugarren atala gastronomiak eratzen du. Azken urteetan sukaldaritzak gizakia gainontzeko izaki bizidunetatik desberdintzen duen funtsezko atala bihurtu dela diote antolatzaileek. Izan ere, bizirik irauteko jateaz gain, janaria eta sukaldaritza izugarri garatu dira.Gaur egun, bakailaoa bezalako produktu gastronomiko baten azterketak, ikerketak, berrikuntzak eta garapenak diru sarrera handiak uzten ditu, eta bertako gastronomiako bereizgarria da.

Egitarau osatua

Erakusketaren inguruan hainbat jarduera gastronomiko antolatu dituzte, gainera. Besteak beste, bakailao dastatzeak, tailerrak eta maisu eskolak egingo dituzte datozen hileetan; horiek guztiak erakusketako bisitarien artean zozketatuko dira.

Datorren urteko apirilaren 30era arte egongo da Bilboko Itsas Museoan erakusketa, eta, gero, Norvegiara eta, beharbada, beste herrialde batzuetara ere eramango dute. Erakusketa hori hainbat instituziok eta partikularrek egindako lanaren emaitza da. AZTI-Tecnalia, Josean Alija sukaldaria, Norvegiaren enbaxada eta Natividad de la Puerta aritu dira elkarlanean.