Gazia, gozoa eta abereak

Azoka

Zamudio

Gastronomia eta abeltzaintza topaleku bilakatuko da asteburuan Zamudio. San Martin egunaren harira, hiru azokak bat egingo dute zapatuan eta domekan. Lehenengo, Txokolate, Gozo eta Artisautza Azoka egingo dute, bihar bertan. Etzi, 28. Nekazaritza Azoka izango da. Asteburu osoan, gainera, Euskadiko limousin arrazako 21. txapelketa jokatuko da. Asteburu osatua izango dute, beraz.

Txokolate azoka lehenengoz egingo dutela azaldu du Isaac Amezaga Zamudioko Udaleko teknikariak. “Txokolatea bera da indartu gura duguna, beren-beregi txokolateari buruzko azokarik ez dagoelako”. Hogei erakusmahaitik gora egongo dira. 10:00etatik aurrera egongo da zabalik.

12:00etan, bestalde, saltxitxak eta garagardoa bi euroren truke dastatzeko aukera izango da. Goizean (11:00) eta arratsaldean (17:00) abere lehiaketa egingo dute. Goizekoa, emeena izango da; arratsaldekoa, arrena. Euskadiko Limousin arrazako 21. lehiaketaren parte da Zamudiokoa. 20:30ean, bestalde, egunari bukaera emango diote idi probekin.

Domekari dagokionez, 10:00etatik aurrera Limousin abelgorrien, Zamudioko ganaduaren eta nekazaritza produktuen erakusketa egingo da. Ordubeteren buruan, Euskadiko Limousin arrazako txapelketako enkanteari ekingo diote. Ostean, behi, zezen eta ganadutegi onena aukeratuko dute. 12:00ak bueltan izango da. Lehiaketara Bizkai osoko ganadutegiak aurkez daitezke. 13:00ean banatuko dituzte sari eta garaikurrak.

Nekazariek ere izango dute euren produktuak erakusteko aukera. 85 saltoki inguru egongo dira, baserriko ogia, pastelak, eztia, txerrikiak, fruituak, barazkiak, txakolina eta gazta saltzeko. Onenek, gainera, sariak izango dituzte. Amezagak azaldu duenez, ortuari, fruitu, txakolin eta Idiazabal gaztarik onena zein diren aukeratuko dute. 13:30ean emango dituzte lehiaketa horietako sariak eta garaikurrak. Horrez gain, baserritarren antzinako jantziak daramatzatenek ere sariak izan ditzakete. Baserritar jantzi tradizionala daramaten guztien artean politena aukeratuko dute. Musika eta giro ona ez dira faltako, gainera.