Kirolak eta elkartasunak bat egingo dute bihar Bilboko hainbat lekutan. Angelmanen Sindromea Elkartearen, Gaixotasun Arraroen Espainiako Elkarteko ordezkaritzaren eta Caritasen alde jardunaldia antolatu dute.
Padela, saskibaloia, Inline hockey-a —lerroko patinen gainean egiten dena—, zumbing spin bike, herri kirolak, arraun surfa, traineruak, futbola eta piraguak ikusteko aukera izango da 10:00etatik 18:00etara. Euren eskarmentua erakutsiko dute jokalari profesionalek, teknikariek eta maila handiko jokalari ohiek, udaletik jakinarazi dutenez.
San Mames estadioa, San Ignazio, Artxanda, Errekalde, Zorrotza, Casilla eta itsasadarreko urak izango dira jarduera horien agertoki. Bi euroren truke herritarrek gustukoen dituzten kirol jarduerez gozatzeko aukera izango dute.
Hain zuzen, diru hori ordainduta, aurreikusita dauden jarduera guztiak ikusi ahalko dira. Jarduera nagusia ere prezio horren barruan sartzen da: 16:00etan, Athleticeko eta Realeko jokalari ohi beteranoen arteko norgehiagoka lehiatuko da. San Mamesen izango da.
Sarrerak eskuratzeko Kutxabanken kutxetara, San Mameseko leihatiletara edo Bilboko udal kiroldegietara jo behar da. Bestalde, jarduera horietara joateko aukerarik izan ez arren elkartasun proiektu horretan laguntza eman gura dutenentzako zero ilara deritzona ere ahalbidetu dute. Hain zuzen, sarrerak balio duen dirua kontu korronte batean sartzeko modua dago: 2095 0611 00 9113248012. Horrez gain, bihar Bilbo Kirolak sozietatearen instalazioetara joaten diren abonatu zein erabiltzaileen sarreren edo erreserben bitartez eskuratzen den dirua Caritasi emango diote.
Angelmanen Sindromearen Elkarteak neuronen endekapenezko gaixotasun horri buruzko laguntza, aholkularitza eta informazioa eskaintzen du. Gaixotasun Arraroen Elkarteak, berriz, gaixotasun arraroak eta min kronikoak azaleratzea du xede.