Bilboko FAS zineklubean ez dute etenik 60. urteurrena ospatzeko jarduerek. Azaroa hasi berri dela, hainbat film erakustaldi prestatu dituzte, eta pelikula horien zuzendariak ere euren lanei buruz eztabaidatzeko prest izango direla aurreratu dute.
Datorren martitzenean —azaroaren 5ean— hasi eta hilaren 26ra bitartean, astero emanaldi bat izango da Indautxuko aretoan. Basilio Martin Patino Salamancako (Espainia) zinemagilearen txanda izango da lehenengoa. Libre te quiero (Aske nahi zaitut) M-15 mugimenduari buruzko dokumentala aurkeztuko du Karmen aretoan, 19:45ean. Zuzendaria bertan izango da, eta bere lanari buruz hitz egingo du.
Hurrengo astean, hilak 12, Asier Altunaren Bertsolari filma emango dute. Zuzendari gipuzkoarraren lanaren aurretik Artalde film laburra emango dute. Altuna bera eta Gaizka Bourgeaud argazki zuzendariarekin berba egiteko aukera izango dute ikusleek. Ostean, Santutxuko, Larrabetzuko eta Arrigorriagako zenbait bertsolarirekin osatuko dute jardunaldia. Emanaldi hori Campos antzokian egingo dute, hango Cupula aretoan, preZinebi ekitaldien barruan.
Azaroaren 19an, bestalde, Zinebi jaialdiarekin eta Bilboko Institutu Frantsesarekin batera Eliane de Latour Frantziako zinemagilearen Après l’oceán (Itsasoaren ostean) filma emango dute. Filmaren zuzendaria ere bertan izango da, pelikulari buruzko solasaldian parte hartzeko.
Azaroko proiekzioekin bukatzeko, hilaren 26an, Euskal Gidoigileen elkartearekin batera FAS zineklubak Ilusión (Ilusioa) filma aurkeztuko du. Bilbon lehenengoz emango dute Daniel Castro zuzendari eta gidoilariaren sormen lan hori. Castro bera ere bertan izango da ikusleekin bere lanari buruz berba egiteko prest. Karmen aretoan izango da, 19:45ean.
AZAROKO FILMAK
Azaroak 5. Basilio Martin Patinoren Libre te quiero (Aske nahi zaitut). M-15 mugimenduari buruzko dokumentala. 19:45ean, Karmen aretoan.
Azaroak 12. Asier Altunaren Bertsolari filma. Solasaldia izango da zuzendariarekin berarekin, Gaizka Bourgeaud argazki zuzendariarekin eta ikusleekin batera. Bertsolaritzari buruzko erakustaldi bat antolatu dute osterako: Amaia Iturriotz (Santutxuko bertso eskola); Malen Amenabar (Larrabetzu); Txaber Ormazabal (Arrigorriagako bertso eskola) eta Peio Ormazabal (Arrigorriagako bertso eskola). 19:45ean, Campos antzokiko Cupula aretoan.
Azaroak 19. Eliane de Latour zuzendariaren Après l’oceán (Itsasoaren ostean) filma. 19:45ean, Karmen aretoan.
Azaroak 26. Daniel Castroren Ilusión (Ilusioa) filma. Zuzendari berberaren After Shave (Bizarra egin ostean) lana emango dute lehenengo. 19:45ean, Karmen aretoan.