Gueñes
Gaur hasi eta domekara bitartean motor soinua baino ez dute entzungo Enkarterri aldean. Eta ez edozein motorrena, gainera: hiru egunotan Harley Davidsonen topaketa egingo dute Sodupen (Gueñes). Euskal Herri osoko zaleak elkartuko dira. Orain arte, Durango izaten zuten topaleku, baina Bizkaiko mendebaldean ere elkarteak kide mordoa dituela eta, aurten harantz mugitzea erabaki dute. “Bazkide asko Gueñes, Gordexola, Balmaseda eta inguru horretakoak dira. Udalak ere erraztasun itzelak ipini dizkigu. Beraz, honantz etortzea erabaki dugu”, azaldu du Luis Alberto Sanzek, Euskal Herriko Harley Davidson Klubeko kideak. Osotara, 4.000 motor gidari baino gehiago espero dituzte hiru egunetarako. Gueñesko aterpetxean eta inguruetako ostatuetan emango diete aterpe.
Gaur Gueñesen elkartuko dira. Gaua bertan igaro ostean, bihar lehen txangoa egingo dute. Azkenaldian oso ezaguna egin den Pozalaguako kobazuloa, eta hura ezagutzera joango dira Karrantzara. Bide batez, errepidetik Enkarterrik eskaintzen dituen paisaia berde eta menditsuaz gozatuko dute. 10:00etan abiatuko dira, eta bazkalordurako bueltan egongo dira Gueñesen. Izan ere, gauean soinua eta argia nahastuko dituen ikuskizuna eskainiko dute: motorrean ibiliko dira, suziriak eskuetan dituztela.
Domekakoa, berriz, familia osoarentzat prestatutako eguna izango da. Elkarteak egun osorako ekintzak atondu ditu. Adibidez, goizean umeek motorrak gertutik ezagut ditzaten tailerrak egingo dituzte. Horrez gain, motorrak sortzen eta muntatzen behar egiten dutenak ere Gueñesera joango dira, euren lana zein den azaltzera. Besteak beste, Espainiako motor egilerik onena etorriko dela iragarri dute. Gainera, ibilgailuen azterketa teknikoa egitera ere elkarrekin joango dira.
Topaketari buruzko informazio gehiago eskuratzeko edo ostatua eskatzeko www.hdeuskalherria.com webgunera jo daiteke.
MOTO ZALE TOPAKETAK
Non. Gueñesko Sodupe auzoan elkartuko dira.
Noiz. Gaur hasi eta domekara bitartean.