Eraldatutako eraikina, aldatua izateko eraikuntza. Izen hori ipini diote bihar Bizkaiko Eleiz Museoan egingo den bisita gidatuari. “Batetik, eraikina bera zelan zaharberritu den kontatuko dugu. Eta gero, bertan zelan lan egiten erakutsiko dugu, Bizkaiko artelan erlijiosoa zaharberritzen”, azaldu du Juan Manuel Gonzalez Cembellin museoko zuzendariak. 11:30ean izango da euskarazko emanaldia. Izena aurrez eman behar da, 94-432 01 25 telefono zenbakira deituta.
Eraikina Gizakundearen komentu zaharra da. Gotikoan eraiki zuten, eta geroagoko estiloetan moldaketak egin zizkioten: Errenazimentuan eta barrokoan, batez ere. “1970ean esku hartze zatarra egin zuten. 1976an, gainera, mojek alde egin zuten. Hutsik geratu zen. 1983ko uholdeetan urak bost metro arte estali zuen. Eraikina negargarri zegoen. Horregatik, 1988an Bilboko Udalak zaharberritzea erabaki zuen, eta eraiki zen garaiko itxurara itzularazi”. Hasieran ez zekiten zertarako erabiliko zuten. Eleiz Museoa bertan ipintzea erabaki zuten, eta 1995ean inauguratu zuten. Hala, bisitaren lehen zatian bilakaera hori guztia azalduko dute.
Bigarrenean, gaur egun museoan egiten duten lana erakutsiko dute. Zaharberritzen ari diren margolanak, eskulturak eta urrezko edo zilarrezko lanak atondu dituzte areto batean. Museoak daukan zaharberritzaileak bere beharraren inguruko zehaztasunak emango dizkie bisitariei. Hau da, pieza bat jasotzen duenean zein pauso ematen dituen. Gonzalez Cembellinek azaldu duenez, zaharberritzea ez da gainetik margotzea. “Zerbait iristen zaigunean, lehenengo garbitu egiten dugu. Eta gero, dirurik baldin badago, eta zaharberritzaileak daukan lan kargaren arabera, zaharberritu egiten da”.
Pieza horietako batzuk museoan bertan geratzeko jasotzen dituzte. “Vatikanoko II. Kontzilioaren ostean hainbat elementu erabiltzeari utzi zaio, eta horiek, parrokietan pilatuta eduki ordez, museora bidali dituzte kasu gehienetan”. Ehunka dituzte ikusgai. “Zaharrena 1.200. urtekoa da, eta berriena, 1995ekoa. Bizkaian egindakoak edo Bizkaiko tenpluetan erabiltzeko pentsatutakoak dira guztiak”, ohartarazi du. Beste kasu batzuetan behin zaharberritu edo konpondu ostean elizetara itzultzen dituzte.