Tontorretik tontorrera

Mendi martxa

Zeanuri

Zeanuriko lasaitasuna aztoratuko duten Gorbeia Suzien izeneko bigarren mendi martxa eta lasterketa jokatuko dira bihar, Suzien Mendi Klubak antolatuta. Ibilbideak oinez egitea gustuko dutenek bat egingo dute are esfortzu handiagoa egiteko gogoa daukaten lasterkariekin.

Natura eta mendiko lasterketak gustuko dituen pertsona talde baten ekimenez sortu zen Gorbeia Suzien egitasmoa. Lasterketan aritzeko aurretik eman behar zen izena, eta gaur jaso behar dituzte dortsalak hala egin dutenek. 19:00etan egingo dute ibilbidearen aurkezpena. Gai teknikoak aztertuko dituzte. 20:00etan, bestalde, Pou anaien 20 urte mendi bertikaletan proiekzioa egingo dute.

Biharkoa izango da egun handia. Oraindik martxarako izena eman gabe daudenek horretarako aukera izango dute, 06:30etik 08:00etara bitartean, lekua baldin badago. 07:30etik 08:00etara bitartean aterako dira mendizaleak. Bi ibilbide prestatu dituzte antolatzaileek. Luzea, lasterketaren modukoa, 28 kilometrokoa eta 1.750 metroko desnibela duena; laburra 21,4 kilometrokoa da, eta 1.100 metroko desnibela du.

Txikienak ere ez dituzte martxatik kanpo utzi. Eurentzako zortzi kilometroko ibilbidea prestatu dute. 10:00etan aterako dira estalitako frontoitik. Parte hartzeko ez da izenik eman behar.

Lasterketa, bestalde, 09:15ean aterako da. Zazpi anoagune aurkituko dituzte korrikalariek ibilbidean. 800 eurora arteko sariak izango direla iragarri dute. 45 urtetik gorakoen artean lehenengo hirurek ere sariak izango dituzte; baita 21 eta 23 urtekoen artean lehen hiru lekuetan geratzen direnek ere.

Egunean zehar haurtzaindegi zerbitzua jarriko dutela jakinarazi dute. Mendiko materiala ere salgai izango da. Horrez gain, jai giroa nabarituko da Zeanurin, egun osoan. 11:00etatik aurrera, jokoak, puzgarriak, eskalada murrua, slackline eta antzekoak izango dira. 13:30ean, sari banaketa egingo dute. 14:30erako herri bazkaria antolatu dute. 16:30ean, slackline erakustaldia izango da. 18:00etan, berriz, erromeria, Aiko taldearen eskutik. 20:00etan, Igorreko Batukadak emango dio amaiera egunari.