Indaba usaina daukan herria

Gaur iluntzean hasiko dira Balmasedako San Severino jaiak. 22:00etan irakurriko dute pregoia ÑKU Komediak taldeko kideek. Lehen ekitaldi horren ostean, festa giroa nagusituko da herrian. Bihar, kasurako, poteoa, herri bazkaria, kirol norgehiagokak eta erromeria izango dituzte. Etzirako, berriz, dantza erakustaldia, kontzertuak eta play back lehiaketa antolatu dituzte, besteren artean. Edonola ere, Balmasedan egunik handiena datorren eguaztena izango da.

Zaindariaren eguna ospatzen dute urriaren 23an. San Severino egunak, baina, badu santua baino ikur handiagorik: putxera. Enkarterriko sukaldaritzaren bereizgarria dira putxeran prestatutako indabak. Urtero nazioarteko lehiaketa antolatzen dute. Aurtengoa 43. ekitaldia izango du norgehiagokak. Dena den, lehiakide gehienak bizkaitarrak izaten dira. San Severino plazan, 11:00ak aurretik: hori dute izena emateko hitzordua. Goiz osoan ibiliko dira sukaldari lanetan, eta 12:00etarako prest izango beharko dute. Ordu horretan hasiko dira putxerak epaimahaiaren aurrean aurkezten, eta 13:30 arteko epea izango dute horretarako. 45 minuturen buruan ezagutuko da aurtengo indabarik onenaknork prestatu dituen.

Babarrun gorriz zein pinkartez egindako errezeta tradizionala lehenetsiko du epaimahaiak. Horiez gain, ohiko osagaiak erabili ahal izango dira: txorizoa, odolkia, urdaia, txerrikia, saiheskia eta behi hegala. Hala ere, lapikokoak, gutxienez, txorizoa, odolkia eta urdaia izan beharko ditu.

Sariak banatu ostean jantoki erraldoi bihurtuko da Balmasedako erdigunea. Arratsaldean, berriz, erromeriak dantzan ipiniko ditu guztiak. 18:00etan hasiko da Saltoka taldearen saioa.

PUTXERA EGUNA

Non. Balmasedako San Severino plazan.

Noiz. Datorren eguaztenean.