Gernika-Lumo
Urtero legez, Gernika-Lumok Urriko Lehen Astelehena ospatuko du. Azoka eta enparauak domekan hasiko dira, eta astelehenean jarraituko dute Santa Ana aparkalekuan eta Merkatu plazan. Lehen sektorea bultzatzeko eta laguntzeko asmoz, baserriko animalien eta nekazaritzan zein abeltzaintzan erabiltzen diren tresnen erakusketak izango dira. Horrez gain, abere batzuk enkantean jarri eta baserriko produktuen azoka egingo dute. Astelehena egun nagusia izango da, eta Pirinioetako abelgorrien Euskadiko 28. lehiaketa jokatuko da Santa Ana aparkalekuan.
Etzi, lehiaketan parte hartuko duten behi, zezen eta txahal onenak aukeratzen hasiko dira Gernikan. Abere bakoitzak fitxa tekniko bat izango du, eta abeltzainek, adinaren eta sexuaren arabera sailkatuko dituzte. Astelehenean hautatutako animaliak erakutsiko dituzte, eta epaimahaiak horien artetik onenak sarituko ditu.
Animalien lehiaketa egiteaz gain, erakusketa bat ere antolatu ohi dute urtero. Hala, baserrietan erabiltzen diren lanabes eta tresneri sorta bat biltzen dute publikoari erakusteko; gainera, hainbat pieza erosteko aukera ere izaten da.
Beste alde batetik, ohikoa denez, baserritarrek etxeko produkturik onenak eramango dituzte eta gastronomia azoka bat prestatuko dute merkatuko plazan. Aurten, 30 saltoki inguru ezarriko dituzte. Barazkiak, fruituak, gazta, eztia, gozokiak, pastelak, ogia, txerrikia, sagardoa eta txakolina erosteko aukera egongo da. Azoka horrek iraun bitartean, label kalitatea duen behi okela dastatu ahal izango da, pintxoak banatuko dituztelako horretarako prestatutako karpan.
Artisautzak bere lekua izango du. Zenbait eskulanen erakustaldia egingo dute; horietako batzuk salmentan ipiniko dira.
GERNIKAKO AZOKA
Noiz. Domekan eta astelehenean ospatuko da: erakusketak, enkanteak eta lehiaketak izango dira.
Non. Gernikako Santa Ana aparkalekuan eta merkatuko plazan egingo dituzte ekintza guztiak.