Bigarren asteburu honekin bukatuko dira Mungiako San Pedro jaiak. Azken hiru egunetan ere makina bat ekitaldi izango dira. Besteak beste, kirola eta musika nagusituko dira. Bihar, gainera, Nagusien eta umeen egunak, elkarrekin ospatuko dira. Aspaldiko legean, azken egunerako Sukalki txapelketa antolatu dute mungiarrek. Zeinek erregosi onena egin lehiatuko dira, etxeko eta kanpokoak. Urtero, ehunka kazola aurkezten dira txapelaren bila.
Erregosi txapelketarik zaharrenetakoa da Mungiakoa. Baita sona handiena duenetako bat ere. Parte hartzaileen arabera, erregosia egiteko erabiltzen diren produktuen kalitateak ematen dio izen ona. Eurek diotenez, denak dira eskualdeko baserritarrek ekoitzitakoak.
Mungiarrek sanpedroetako egunik estimatuenetakoa dute. “Ondarroan Berdel Eguna eta marmitakoa egiten zituzten, eta pentsatu genuen polita izan zitekeela Mungian ere horrelako zerbait antolatzea. Guk arrainarekin ezin genuenez, okela prestatzea bururatu zitzaigun”, azaldu du Mungiako futbol taldeko arduradun Jose Angel Gabiolak. Eurek dute sukaldaritza proba antolatzeko ardura. Herriko banderarekin jantzita —praka edo gona urdin eta alkandora zuria—, Uriguen parkeko arbolen azpian elkartzen dira lehiakide diren lagun taldeak.
Erregosiak bi osagai nagusi behar ditu: haragia eta patatak. Okela, bada, beti erabili izan da zangarra, lepoaldea edo hegala. Eta Mungiako txapelketan ere hiru horiek baino ez dituzte onartzen. Beste osagaiak tipula, berakatza, txorizotarako piperra, azenarioak eta tomatea izaten dira.
Tipula, gorria hobesten du epaimahiak. Izan ere, zuria gozoa da jateko; baina, gorriak indar handiagoa izan ohi du saltsa egiteko. Zenbat eta gehiago egosi, saltsa lodiagoa izango da. Baina sutan gehiegi edukiz gero, okela birrindu egin daiteke. Eta, noski, saltsaren kolorean ere eragina du tipulak. Batzuek , gainera, ilarrak ere jartzen dizkiote bukatutakoan, apaingarri modura. Izan ere, kolore berdearekin bizitasuna ematen diote kazolan dagoenari.
Gutxi gorabehera, hamar bat lagunentzako prestatzen dute erregosia. Lehiaketan parte hartzeko, gutxienez seirentzako adina aurkeztu behar da. Horretarako, zazpi kilo haragi erabiltzen dituzte. Edozelan ere, bakoitzak bere errezeta izaten du, eta hor dago txapela lortzeko gakoa. Sukalki Eguna antolatzen hasi zirenean, inguruko baserrietara jo zuten, etxeko andreengana, haiek erregosia nola prestatzen zuten ikasteko.
Azken musika doinuak
Sukalki Eguneko sariak banatu ostean, mungiarrak Txikuri fanfarreak lagunduta irtengo dira Uriguen parketik herriko kaleetara. Lauaxeta, Butroi eta Anaitasuna igarota, udaletxe aurrera arte iritsiko dira.
Jaietako azken musika doinuak 22:00etan hasiko da jotzen. Foruen plazan Roberto eta Idoia trikitilariek, txistulariek, txalapartariek eta enparauek erromeria girotuko dute. 00:00etan agurtuko dute Marijata, udaletxean.