Bi festa hasiera prestatu dituzte Berrizen. Hori da, hain zuzen, aurtengo San Pedro eta Santa Isabel jaiek izango duten berrikuntza nagusiena. Izan ere, 17:00etan, udaletxean, pregoi txikia irakurriko da lehenengo aldiz. Hala, herriko txikienek ere, eurei egokitutako festa hasiera izango dute. 19:00etan izango da ofiziala, nagusiena, betikoa. Aurten, Berriz Bizikletari Elkartea aukeratu dute festarako deia egin dezan. Sortu zenetik 30 urte bete direla ospatzeko egin diote pregoilari lanak egiteko gonbidapena herriko kirol taldeari.
Urtero, hainbat proba eta martxa antolatzen dituzte. Ezagunena ziklo-kros txapelketa da. Euskal Herriko zein atzerriko lasterkari onenek parte hartu ohi dute. Eta zaleak ere trumilka joaten dira, lokatz artean txirrindularien arteko norgehiagoka ikustera.
Behin jaiak hasita, musikak hartuko du lekukoa Berrizen. 22:00etan, Drindots taldearekin dantzan egiteko aukera egongo da. Txosnetan, berriz, herriko taldeen kontzertuak izango dira entzungai, 23:00etan hasita.
Bihar, San Pedro egunez, Kuadrilla Eguna ospatuko dute. Paella txapelketa izango dute, besteak beste. Iaz, 66 lagun taldek parte hartu zuten. Horrez gain, tradizio handiko dantzari dantza ere ikusgai izango da bihar.