Jai giroa izango dute asteburuan Atxondoko Apatamonasterio auzoan. Hamaika ekintza prestatu dituzte adin guztietako auzokideek festak ospa ditzaten. Gaur hasiko dira jaiak. Goizean, 11:00etatik aurrera, umeak izango dira protagonista nagusiak. 17:00etara arte, haur eta gaztetxoentzako puzgarriak ezarriko dituzte Ziarreta auzoan. Arratsaldean izango da, hala ere, hasiera ofiziala.
Orain arte, Txopo eta Txopo Ttipi igotzen ziren. Helduen eta umeen jai hasiera izaten zen. “Aurten, estreinakoz, elkarrekin egitea pentsatu dugu”, azaldu du Vanesa Calvo jai batzordeko kideak. Marixurrike astialdi taldea aukeratu dute aurten pregoia irakurtzeko. “Aurten proiektu berri bat egin dute aisialdiari begira, bi ardatzekin: batetik, ludoteka, eta, bestetik, gazteak”, ekarri du gogora Calvok. Hala, taldeko kideek festarako deia egin ordez, gazteek egingo dute pregoiaren parodia, eta ostean flashmob herrikoia erakutsiko dute.
Behin festak hasita, herritarrek tortilla eta bakailao txapelketan parte hartzeko aukera izango dute, 20:30ean. 23:00etan, gau kubatarrari hasiera emango diote Habana 357 taldearekin. Azkenik, gauerdian karaokearekin abestuko dute, Atxondoko gaztetxean.
Bihar, Mozorro eta Kuadrilla Eguna antolatuko dute, Atxondon. Jai giroan hasiko da goiza, eta, 10:30ean, herriko txistulariek kalejira egingo dute. Ondoren, 11:00etan, Trialsin taldearen eskutik, esku jokoen erakustaldia izango da, eta tailerrak egingo dituzte. Kuadrillak zapatuko protagonistak direnez, taldeen arteko paella onena aukeratzeko txapelketa jokatuko da, 14:30ean. Lehiaketa bukatu ostean.
Arratsaldean, kuadrillen arteko olinpiar jokoak egingo dira. 17:30ean, Joselontxo’s txarangak herri poteoa girotuko du. 19:30ean, erromeria egongo da plazan, Luhartz taldearekin. Gaueko topagunea Atxondoko gaztetxea izango da, eta, 22:30etik aurrera, kontzertuak izango dira. Goizaldean, estreinakoz, gaupaseroen argazkia egingo dute, 06:30ean. “Herritarrek gauez eta egunez parte hartzea lortu gura dugu argazki horrekin”, dio Calvok.
Domekan, 13:00ean, Andasto taldeak euskal dantzen erakustaldia egingo du. 16:00etan, Irrien Lagunek ikuskizuna egingo dute herriko plazan. 19:00etan, Kukai taldeak Otehitza gure artean dantza ikuskizuna aurkeztuko du. Jaiak bukatzeko, 20:00etan, jaietako argazkiak erakutsiko dituzte plazan, txopoa bota eta saiheskia jateagaz batera.