Gaur iluntzean hasiko dira Mungiako San Pedro jaiak. Jai zale eta kuadrillak Izenaduba basotik abiatuko dira kalejiran, Marijatari udaletxera arteko bidean laguntzera. 20:00etan agertuko da jaietako ikurra udaletxeko balkoian. Mungiako Saskibaloi Taldeak egingo du festarako deia. Izan ere, aurten 25 urte bete dira jokatzen hasi zirenetik. Urteurren hori gogoan, jai batzordeak saskibaloi jokalarien gain utzi du pregoia irakurtzeko ohorea.
“Harrituta hartu dugu berria, ez genuelako espero. Baina, era berean, oso pozik gaude balkoira irten eta herrikideei jaietan ondo pasa dezaten opatzeko aukera eman digutelako. Sekulako omenaldia da guretzat”, adierazi du Luis Ortega taldeko zuzendariak. Mirenbe Bilbao Kultura zinegotziaren esanetan, “urte hauetan guztietan herriari eman diotena bueltan itzuli nahi izan zaie” pregoilari aukeratuta. Gainera, gogora ekarri du taldetik mungiar asko igaro direla eta hein batean herritar asko omentzeko modua ere badela. Saskibaloi jokalariek festarako deia egindakoan, bada, txupinazoari su emango diote.
Behin lehen suziri horrek eztanda eginda, mungiarrek dantzarako aukera handia izango dute gaur gauean. Izan ere, bikoteka dantzatzeko doinuak eskainiko dituzte 20:30ean, Lauaxeta plazan. Matxin plazan, berriz, gauean diskofesta eta playback lehiaketa izango dira. Txosnetan, azkenik, EH Sukarra eta Su Ta Gar taldeek garai bateko parrandak ekarriko dizkiete gogora bati baino gehiagori.
Biharkoa izango da Mungiako jaietako egun handietako bat. San Pedro egunez tradizioari lotutako hainbat ekitaldi egongo dira goizean. Eguerdian, berriz, bertso doinuak nagusituko dira. Andra Mari plazan izango dira Sebastian Lizaso, Uxue Alberdi, Xabi Paya eta Jon Maia bertsolariak, Bernar Mandalunizen esanetara. Arratsaldean, berriz, profesionalen arteko pilota partidak jokatuko dira frontoian, eta jaietako bosnako futbol txapelketako finala kiroldegian.
Biharkoan musikarik ere ez da faltako Mungian. Lauaxeta plazan, erromeriazaleek dantza dantzarako aukera izango dute Tirikitauki taldearekin. Andra Mari plazan, Mexikoko emakume talde bat mariatxiak abesten ibiliko da. Eta su festa hasi artean txosnetan herriko Dientes de Luna taldea izango da oholtza gainean. 23:00etan argituko da Mungiako zerua. Ostean, larrain dantza eta Alamedadosoulna taldea izango dira txosnetan. Matxin plazan, berriz, Oskorriren Gabriel Aresti bizsitan ikuskizunaz gozatuko dute.
Baserritarrak omentzeko
Aurten, San Pedrotxu Egunak eta Baserritarren Egunak bat egingo dute. Domekan izango dira biak. Goiz osoan, nekazaritza azoka egongo da atonduta erdigunean. Baserritarren eta eskulangileen produktuak egongo dira ikusgai Matxin eta Foruen plazetan. Horrez gain, mikologia erakustaldia ere izango da, udaberriko onddoak dastatzeko. Torrebillela parkean, berriz, animalien erakustaldia izango da. Baita Betizu arrazako behien txapelketa ere. Trikitilariek eta txistulariek girotuko dute azoka gunea.
Iluntzean, kontzertua izango da Matxin plazan: txistulariak, soinulariak eta abesbatzak igoko dira agertokira. Txosnetan, berriz, Akerbeltzen erromeria.