Areatza
Aste osoan Musikaren Astea dute Areatzan. Batez ere, perkusioari loturik egongo da egitasmo hau. Areatzako Kirol eta Kultur Batzordeak bost kontzertu antolatu ditu aste berezi horretarako, eta horietatik bi kontzertu pedagogikoak izango dira. Horiez gain, Areatzako Udalak antolatuta, Arratiako Musika Eskola herrian zehar ibiliko da musika emanaldiak eskaintzen.
Musikaren Astea Europako Musikaren Egunean oinarrituta antolatzen dute. Helburu nagusia musika adin eta esparru guztietara zabaltzea da.
Lehenengo ekitaldia perkusiozkoa izango da. Datorren astelehenean, ekainaren 17an, goizean, Arantza Etxebarriak idatzitako istorio batean oinarritutako ipuina erabiliz, ipuin musikatu bat entzuteko aukera izango da, perkusio tresnen laguntzarekin. Hurrengo egunean, ekainaren 18an, perkusio eta biola kontzertua eskainiko du Mus2ka taldeak. 20:00etan izango da emanaldia, eta formatu txikikoa izan dadin nahi dute, “giro intimoa” sortzeko asmoz.
Asteazken goizean, Maddi eta txistua liburuaren aurkezpen musikatua eskainiko dute. Idoia Kareagaren liburuan oinarrituta, txistuaren inguruko kontzertu pedagogikoa izango da. Egun berean, iluntzeko zortzietan, urte osoan egon den zineforum zikloa bukatzeko, Buster 4tet jazz laukoteak zuzeneko musika jarriko dio Buster Keaton zinema zuzendari amerikarraren The Cameraman filmari. Beren beregi Areatzako Musikaren Asterako konposaturikoa da. Ekitaldi berezi horren bitartez, lehen pelikulak nola ikusi eta entzuten ziren irudikatu nahi dute.
Bilboko Orkestra Sinfonikoko perkusio jotzaileek ere kontzertua emango dute udal aretoan. Musikaren Astea amaitzeko, ekainaren 21ean, Arratiako Musika Eskolak herriko hainbat txokotan emanaldiak eskainiko ditu 19:00etatik aurrera.
MUSIKAREN ASTEA
Non. Areatzan.
Noiz. Ekainaren 17tik 21era izango da Musikaren Astea. Emanaldiak egunaren arabera goizean edo arratsaldean izango dira.
Sarrera. Doakoa da.