Oroimena sototik atera dadin

Oroimena sototik atera dadin

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Makuesa da Arantza Bengoa; elantxobetarra, alegia. Hitz berezi hori erabiltzen dute herrian herritarrak deitzeko. Arrantzaleen soto batean argazkia atera dio Iñigo Azkonak Bengoari, gutun azal bat eskuetan duela. Eta, argazkiari, testua jarri dio Xabier Enbeita bertsolariak era berean. Hala dio: “Berba idatziek beti ez dabe gaurko estresik euki. Orain dala ez horrenbeste arte hausnarketarako tartea eukien, euren artean hausnartu ostean ordena egokian gutuneratuten ziran. Mahatsa haretxezko kupeletan bezela, botiletan igeri edo usoekaz hegan, onduta helduten ziran. Garai haretako gutunak berba egiten eben”. Elantxoben arrantzak izan duen tradizioa gordetzeko, Makuesak izeneko erakusketa osatu dute Azkonak eta Enbeitak. Liburua argitaratu zuten lehenik, eta erakusketa ere prestatu dute, 50 argazkirekin. Bilboko Itsas Museoan dago ikusgai, azaroaren 27ra arte.

Tradizioz, itsasoarekin eta arrantzarekin harremanetan egon da kostako herri hori. Elantxobeko ekonomiaren eta kulturaren ardatza izan da itsasoa urte luzez, eta jarduera horren inguruan antolatu dute makuesek bizimodua. Baina aldatzen ari da Elantxobek arrantzarekin izan duen lotura hori. Urteak dira Elantxobeko portuan arrantza ontzirik ez dagoela. Zehazki, sei urte igaro dira Anaitasuna izeneko azken ontziak herriko kaia utzi zuenetik. Eta, herriaren ardatza izan den jarduera hori betikotzeko, herritarrekin berekin osatu dute lana Azkonak eta Enbeitak. Herritarrei erretratuak atera, eta izoztu egin dute garai bateko Elantxobe. Arrantzaleen soto batean egin dituzte argazki guztiak. Eta irudietan sortzen den giroak itsasora murgiltzen du ikuslea, berehala.

Herritarrak protagonista

Saregileak, arrantzaleei jaten edo edaten eman dieten tabernariak, kontserberetan lan egiten zuten herritarrak… Horiek guztiek egin dute Elantxobe, Makuesak egitasmoaren egileen arabera. Eta, horregatik, elantxobetarrak elkartu eta beren historia eta istorioak lehen planora ekarri dituzte, itsasora lotutako Elantxobe hori gogoan gordetzeko. Herria itsasora lotuta egongo delako beti, Makuesak erakusketaren egileen arabera.

Sareak josten jarri dituzte, adibidez, Libe eta Amaia Gueneaga. 83 urtekoa lehena, eta 79 urtekoa bigarrena, sotoan biak. Irudia hartu du Azkonak, eta andre bien ahotsari hitzak jarri dizkie Enbeitak. “Zenbat lan sareetan antxoak noz jausiko, zenbat lan kontserba ontziak hutsik ez egoteko, zertarako ondorengorik ez badator? Itsasoa agortu dogun edo ez jakiteko be gure etorkizuna bermatu behar dogu”. Berdin arrantzara lotutako hirukote bat. Sotoan, zutunik. “Aspaldiko lagunen oroitzapenetan lapurrak beti zelatan, konturatu orduko kontakizunaren berak haizeak eroaten dauz. Nora baina? Zertarako? Arrantzaleen liburuak hutsik dagoz lapurtutako istorioak noz itzuliko zain”.

Elantxobe ez da garai bateko Elantxobe. Baina izandakoaren pasarte bat gorde dute Azkonak eta Enbeitak. Baita ezagutzera eman ere. Herrian bertan jarri zuten ikusgai erakusketa lehenik, eta, ordutik, Zarautz, Ondarroa eta Gernikatik igaro da erakusketa. Bilboko itsasadarrera ekarri dute orain.