Egitarau oparoa sanantonioetan

Urtero bezala, ekainaren hasieran, San Antonio jaiak iritsiko dira Igorrera. Gaur bertan hasiko dira, eta datozen hamar egunetarako egitarau zabala antolatu dute. Herritar guztientzako moduko jarduerak egongo dira Igorreko hainbat txokotan.

Sanantonioetako txupina jaurti baino lehen, jaiak tripa beteta ondo hasteko, bakoitzak etxetik ekarritako janariarekin bazkaria egongo da gaur txosnetan. Eguraldiaren arabera, udaletxeko arkupeetara lekualda daiteke. Gosez ez dira geratuko jaietara bertaratzen direnak. Izan ere, hainbat gastronomia lehiaketa antolatu dituzte: paella, tortilla eta bakailao txapelketak. Guztiak, Olabarriko zirkuitoan.

Kirol jarduerak ere ez dira faltako. San Txisme zelaian, zazpiko taldean jokatzen den neska eta mutilen Bizkaiko errugbi kopa jokatuko dute bihar, 16:00etan. 19:00etan, pilota partida bi izango dira: kadeteen artean eta profesional ohien artean. Igandean, III. mendi bizikleta martxa korrituko da Orobin.

Umeen Eguna San Antonio egunez izango da, ostegunean. 11:00etatik aurrera, zuresku egurrezko jolas tradizionala eta puzgarriak egongo dira. Txu-txu trena ere ibiliko da herrian; orduro, Garbe eta 105 arteko aparkaleku ondotik aterako da. Ekainaren 15ean Kanpanoloak umeentzako lana antzeztuko da txosnetan.

Datorren asteko ostiral eta larunbat gauetan, gustu guztiak asetzeko moduko kontzertuak egongo dira txosnetan. DJ Bull, Exaixu, Vendetta, Punto Muerto, Willis Drummond, Cobra eta The Jeloskors, besteak beste. Erromeriek osteko giroa alaituko dute: Izargi, EH Sukarra, Honat, Garilak 26 eta Zirkinik Bez igoko dira agertokira.

Euskararen aldeko ibilbidea

Igorre Euskararen Alde, II. Mile Baietz Eguna ospatuko dute ekainaren 15ean. Iazko arrakasta ikusita, Intxaurbizkar kultur elkarteak bigarrenez prestatu du egun berezi hori. Kultur etxeko plazan hasi eta buka, 09:00etatik 20:00ak arte izango dute mila kilometro egiteko epea. Erronka handia da, eta, horretarako, herrian zehar ibilbide bat atondu dute. Ibilbideak kilometro bat du, baina ez da beharrezkoa dena jarraian egitea. Norberak nahi duen orduan eta inguruan egin dezake, eta parte hartzaile guztiek egindako zatiekin mila kilometro osatu behar dituzte. Eta gehiago izanez gero hobeto, jakina.

IGORREKO JAIAK

Zer. San Antonio jaiak.

Non. Igorren.

Noiz. Ekainaren 7tik 16ra.