Atzo hasi eta domekara bitartean, Erandioko Erandiogoikoa auzoko bizilagunak Gorpuzti jaiak ospatzen ari dira. Atzo udalerrian jaieguna izan zutenez, goizaldera arte iraun zuen parrandak. Hala, gaur arratsaldera arte, egitarauan etena egin dute. Lehiarako aukerarik ez da faltako, gainera: 17:30ean, familia arteko kirol norgehiagoka izango dute; 19:00etan, kick boxing erakustaldia; 20:30ean, igel topa txapelketa; 21:30ean, azkenik, capoeira. Tartean, 21:00etan, saiheskia banatuko dute, indarberritzeko. Gauean, berriz, Izargi taldearen kontzertua (23:00) eta Oihan Vegarekin gaupasa (03:00) izango dira.
Bihar, 12:00etan, kalejirak girotuko du auzoa. 13:00ean, berriz, Goi Alde eta Lantziegoko Iradier Salaberri taldeek dantza erakustaldia egingo dute. 15:00etan, herri bazkarian bilduko dira herritarrak. 16:00etan, eskola arteko txirrindularitza lasterketa jokatu da. 17:00etan, umeek puzgarriekin jolasteko aukera izango dute.
18:00etan, gainera, askaria izango dute. Helduek ere izango dute eurena, baina geroago: 21:00etan saiheski errea banatuko dute. Ordu berean hasiko da umeentzako erromeria. 23:00etan, berriz, helduen txanda iritsiko da, Akerbeltz taldearekin. Goizaldean, azkenik, beste egun batez, DJ batek girotuko die gaupasa parrandazaleei.
Domekan bukatuko dira Erandiogoikoko Gorpuzti jaiak. 12:30ean, Erandioko musika bandak kontzertua eskainiko du. 13:00ean, jaien inguruko argazki erakusketa irekiko dute. 17:00etan botako dute aurtengo festetako azken txupina.
Bilbon domekan ospatuko dute Gorpuzti eguna. 12:00etako meza ostean, katedraletik abiatuko da prozesioa. Zazpikaleetan dira, eta ibilbidean kolorez tindatutako txirlorekin egindako tapizak ikusteko aukera egongo da.