Umorea iritsi da Leioara

Umore azoka

Leioa

Udalerrira heldu zen atzo Leioako Umore Azoka, kaleko artisten azoka. Domekara arte, kalean 120 agerraldi ikusteko aukera izango dute bertaratzen direnek.

Mari Carmen Urbieta Leioako alkateak azaldu duenez, “kaleko arteen alorrean lan egin eta sortzen dutenen artean guztiz finkatutako egitasmoa da”. Beste urte batez, azokak kaleko arteen industriaren garapena indartzeko asmoa izango du. Dagoeneko hamahiru ekitaldi eginda, Urbietaren arabera, “kaleko arte eszenikoak ezagutzeko, aztertzeko eta bere egoera eta osasuna ezagutzeko baliabide ezin hobea” bihurtu da azoka hau.

Egitarau zabala

2013ko Umore Azokan parte hartu ahal izateko, antolatzaileek 300 eskaera baino gehiago jaso dituzte. Azkenean, topaketak 53 konpainia bilduko ditu aurten. Horiek herrian prestatu diren hamahiru guneetan banatutako 28 agertokietan arituko dira. Berritasun moduan, kale artistek ikuskizunak eskainiko dituzte Elexaldeko errotako inguruetan eta patinatzeko parkean. Beste alde batetik, Pinosoloko parkean beste bost gune prestatu dituzte.

Hamabi euskal konpainia arituko dira aurten Leioan, eta zortzi estreinaldi eskainiko dituzte. Espainia, Erresuma Batua, Frantzia, Herbehereak, Israel, Italia, Polonia, Turkia, Errusia eta Errumaniatik etorritako artista eta konpainiek ere parte hartuko dute. Osotara, 54 ikuskizun izango dira, eta, horietatik, 14 estreinaldiak izango dira. Sorkuntza berriak Frantzia, Espainia eta Herrialde Katalanetatik etorriko diren bi konpainiak eskainiko dituzte.

Arte eszenikoetako profesionalei dagokienez, berrehun inguruk eman dute izena. Ohikoa den moduan, bi sari banatuko dituzte: jaialdiko ikuskizun onena eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikuskizun onena. Horretarako, publikoaren iritzia hartuko dute kontuan. Antolatzaileek milaka ikusle bilduko direla espero dute.

UMORE AZOKA

Noiz. Domekara arte iraungo du kale topaketak.

Non. Leioako hamahiru gunetan eskainiko dituzte konpainiek ikuskizunak.