Urrutiatarren aztarnak

Museoen Nazioarteko Eguna dela eta, Enkarterriko Museoak bisita gidatua prestatu du biharko. Lehenik, euren egoitza emango dute ezagutzera: Bizkaiko Batzar Nagusien Abellanedako batzar etxea. Handik Zallara joango dira autobusez, eta La Mella auzoa ezagutuko dute. Autobusean inor lekurik gabe ez geratzeko, parte hartu gura dutenek izena eman beharko dute. Horretarako, enkarterrimuseoa@bizkaia.net helbide elektronikoa eta 94-650 44 88 telefono zenbakia erabili daitezke.

Izena eman dutenek 10:30erako egon beharko dute museoaren egoitzan. Antonio Urrutiaren eskultura ikusiko dute, eta haren garaiko testuingurua ezagutzeko balioko duten bi areto bisitatuko dituzte. Antonio Urrutia Zallako alkate izan zen XVII. mende bukaeran. Baita Enkarterriko teniente jenerala eta Santiagoren ordenako zalduna ere. Zallako La Mella auzokoa zen; han zuen haren familiak jauregia, eta bertako baselizan lurperatzen zutenean jartzeko eraiki zuten gaur egun Enkarterriko Museoan dagoen eskultura.

Bitxia da Urrutiaren irudia, belauniko agertzen delako, otoitzean. Halako beste bat baino ez dago Bizkaian, Ziortzako monasterioan. Izan ere, ohikoena hildakoaren irudia etzanda agertzea izaten zen, ehortzita dagoen jarrera igualtsuan.

XVI. mendean agertu ziren urrutiatarrak Zallako auzo honetan. Euren jauregiaren aurrean baseliza eraikitzeko agindua eman zuen Antonio Urrutiak, bere familia bertan lurperatzeko. Gaur egun, jauregia bera eta tenplua hondatuta daude. Ermitatik salbatu zen ondare bakarra museoan dagoen eskultura hori da. Jauregiari leihoetatik ere sastrakak irteten zaizkio.

Inguru hartatik errege bidea igarotzen zen. Familiak enbarazu egiten ziela uste zuen. Baina, edonola ere, XVIII. mendean Urduñako bideak indarra hartu zuen arte, Zallatik igarotzen zen hori zen Enkarterriko garrantzitsuena. Bide hori ere ezagutuko dute biharko bisitan.

Bukatzeko, burdinola bat ere bisitatuko dute. Zalla eta Balmaseda artean, Cadagua ibaiaren ibilguan hainbat izan ziren urrutiatarren garaian.

BISITA GIDATUA

Noiz. Bihar, 10:30ean hasita.

Non. Enkarterriko Museoan eta Zallako La Mella auzoan.