Durangaldeko Anboto aldizkaria argitaratu zutenetik 10 urte bete ziren iaz. Gaur, berriz, 500. zenbakia atera dute. “Urteurrena konturatu barik heldu zitzaigun, eta ez genuen jairik antolatzeko astirik izan. Orduan pentsatu genuen 500. zenbakia argitaratzen genuenean ospatuko genuela”, azaldu du Jone Guenetxea astekariaren zuzendariak biharko jaiaren zergatia. Argitalpenaren leloa Zu zara Anboto den heinean, biharko egunari 500xzu jarri diote goiburu modura.
Egun osoko egitaraua prestatu dute. Goiz partean kalean izango dira ekitaldiak; eguerditik aurrera Plateruena kafe antzokian elkartuko dira. 10:30ean hasiko dute eguna, Ezkurdi plazan. Bizikleta festa egingo dute, Iurretaraino joan eta etorria eginez.
Dantza erakustaldia izango da, 12:00etan, Andra Mari elizpean. Andaluziako dantzak dantzatzen dituen De Norte a Sur taldeak hasiko du saioa. Ostean Durangoko Kriskitin taldeak hartuko du lekukoa. Bukatzeko, L’Atelier dantza eskolako ikasleek flashmob bat grabatuko dute. Bien bitartean, Eusko Labeldun oilaskoa erreko dute eta gerturatuko diren ikusleen artean banatu. Musikari eta bertsolariek lagunduta, Kantubira abiatuko da 13:00etan. Durangoko alde zaharrean barrena ibiliko dira.
Ospakizun guztietan legez, bihar ere herri bazkaria izango da. 14:30ean izango da Plateruena kafe antzokian. Helduek bazkaltzen duten bitartean, 15:00etan hasita, umeentzako ludoteka egongo da, aspertu ez daitezen. Bazkalostea, baina, Oxabi taldeak girotuko du, erromeria doinuekin. Nahi dutenek, bada, euskal folk kantuekin dantzan ibiltzeko aukera izango dute.
Eguneko unerik garrantzitsuena 17:00etan hasiko da. Anboto-ren 500. zenbakiaren ekitaldia izango da. “Jende askok parte hartuko du. Hainbat bideo jarriko ditugu. Eskualdeko pertsona ezagunek euren babesa erakutsiko diote Anboto-ri”, azaldu du Guenetxeak. Besteak beste, Anne Igartiburu, Maider Unda, Andoni Aizpuru, Maddalen Iriarte, Jose Luis Mendibilar agertuko dira bideoetan. Gainera, Miren Amuriza bertsolaria Antton abeslariarekin arituko da.
Ekitaldiaren bukatutakoan, 20:00etan, Luhartz taldeak erromeria eskainiko du. Eta, eguna bukatzeko, 23:00etan, Xabi Urtiaga DJak jarriko du musika.