Natalia Salazar Orbe
Txanpon eta aberastasun iturri bakartzat denbora duten bankuak indarra hartzen ari dira. Erabiltzaileen denbora gordetzen dute hainbat herritan martxan jarri dituzten proiektuok. Denbora trukatzeko prest dagoen edonor hartzen dute. Berdin dio aberatsa, pobrea, bertakoa, atzerritarra, gaztea, heldua zein adinekoa izan. Denek dute zerbait eskaintzeko eta eskatzeko aukera.
Funtzionamendua sinplea da. Erabiltzaile batek besteari egiten dion zerbitzua ordutan neurtu, eta bankuan gordeko dute denbora hori. Lan bat egin duen erabiltzaile horrek han izango du gordeta. Eta denbora hori zerbitzuren baten bidez jasotzeko aukera izango du, nahi edo behar duenean.
Abusuko (Bilbo) Andre Berri emakume elkartearen bitartez iritsi zen proiektua Bizkaira. 2002 bukaeran jarri zuten martxan. Aitzindariak izan ziren harreman mota hori gauzatzen. Izan ere, zerbitzu trukeaz gain, auzotarren arteko ezagutza sustatzeko baliabide bat ere bada. Flori Vicente elkarteko presidenteak ekarri ditu gogora bankuaren helburuak: “Batez ere, integrazioa da xedea. Auzoko bizilagunek elkar ezagut dezaten; konfiantza eta berdintasun sareak sortu nahi ditugu. Izan ere, hemen berdin balio du kristalak garbitzen dituen baten orduak, zein abokatu baterenak”.
Zerrenda batean jasotzen dute erabiltzaileek eskaini eta eskatzen dutena. “Norbaitek praka barrenak jostea behar badu, zerrendara jo eta badakigu nork egiten duen lan hori. Enpanada bat egin nahi baduzu, berdin. Edo erosketak egiteko laguntza behar baduzu, zein gaixorik zaudelako erosketak etxera eraman diezazkizuten nahi baduzu”. Denetariko eskaerak egin daitezke. Oinarria beti da bera, garrantzitsuena: “Trukeotan ez da dirurik sartzen. Edozer egiteko darabilgun txanpona denbora da. Zerbait egiteko erabiltzen dugun denbora, alegia: tiradera batzuk konpondu edo zerbait garraiatzeko”.
Emandako denbora jasotzeko txeke batzuk dituzte. Horietan jasota geratzen dira erabiltzaileek eman dituzten orduak eta zor dituztenak. Kontrola egon badago. Hala ere, ez du beharrezkotzat jo. “Gehiago dira zerbitzuak eskaintzen dituztenak, eskatzen dituztenak baino. Zailtasunak ditugu erabiltzaileek zerbitzuak eskatzeko. Eta eskaera gehiago izan nahiko genituzke”.
110 erabiltzaile inguru dituzte gaur egun. Gehienak, emakumeak dira, eta adin guztietakoak. Dena den, 18 urtetik gorakoa izan behar da parte hartzeko. Seme-alaba txikiak izanik etxetik kanpo lan egiten duten gazteek ez dute parte hartzen. “Hala ere, badira psikologia eta sexologia saioak eskaini dizkiguten gazte batzuk. Filosofia irakasten digu mutil gazte batek. Abokatu bat ere badago, estutasun txiki batetik ateratzeko beharrizana dutenentzat”. Filosofoak eta sexologoak hitzaldiak eman dizkiete; baita higienista batek ere.
Ibilbide luzeena duen denboraren bankua da Abusukoa. Hala ere, ez da bakarra. Vicenteren arabera, hamabost inguru egongo dira Bizkaian. “Agian denak ez dira egongo erregistratuta, baina hamabost inguru izango dira”.
Horietako bat hirugarren urteurrena ospatzear da. Barakaldokoa, hain zuzen. Andre Berrirena elkarte batetik sortu zen. Beste hau, udaleko zerbitzuetatik jarri zuten martxan; era horretako lehenengoa izan zen. Immigrazio Zerbitzuak sustatu zuen, eta Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen laguntza izan zuen. Jone Pariza teknikaria aritu zen hastapen haietan. Kultur aniztasuna eta elkarbizitza sustatzeko ekimenen artean denboraren banku bat sortzea pentsatu zuen lankide batekin batera. “Pertsonatik pertsonara egiten den elkar laguntza, bizikidetza eta kulturartekotasuna lantzeko tresna oso egokia iruditu zitzaigun”.
60 zerbitzutik gora
Azaroaren 26an beteko dute hirugarren urtemuga. Urteotan asko hazi da komunitatea. “Urtebete egin genuenean, 30 bazkide genituen”. Dagoeneko 90 pertsonak baino gehiagok hartu dute parte. “60 zerbitzutik gora eskaintzen dira, eta 400 ordu baino gehiago trukatu dira”.
Eskaintzen zerrenda luzea dute, hainbat alorretan sailkatuta. Hizkuntzak ikasi edo mintzapraktika egiteko aukera zabala da: euskara, gaztelera, katalana, koreera, amazigera, arabiera, ingelesa, frantsesa, swahilia zein alemanera lantzeko eskolak eta mintzapraktika saioak egin daitezke. Keinuen hizkuntza lantzeko aukera ere badago.
Animalien eta landareen atalean, katuak eta txakurrak zaintzeko eta paseatzeko eskaintza dute. Eta landareak ureztatu edota hiri baratza lantzeko proposamenak ere badituzte.
Munduko herrialde askotako sukaldaritza gerturatzeko prest daude erabiltzaileetako batzuk. Besteak beste, Korea, Maroko, Tanzania, Ghana eta Filipinetakoa. Euskal Herrikoa ahaztu gabe. Ogia zein azkenburukoak egiten ikasteko aukera ere badago. Eta elikaduraren oinarrizko ezagutza zabaltzeko prest dagoen erabiltzailerik ere bada.
Etxeko konponketa txikiei dagokienez, hainbat lan txiki egiteko prestutasuna agertu dute hainbatek: hezetasunak kendu, margotu, iturgintza, garbiketak…
Medikuarengana laguntzeko, tramiteak egiteko, gaixorik daudenekin zein adinekoekin egoteko eta bestelako konpainia zerbitzuak egiteko eskaintzak ere badaude. “Denen artean gehien eskatzen diren zerbitzuak informatika, ile apainketa, hizkuntzen lanketa eta sukaldaritza dira”.
Lan batzuk eskatzeko konfiantza maila altua izatea beharrezkoa izaten da. Eskaera egiten duen norbaiten gertukoren bat zaintzeko, esaterako. Edo norbere etxera sartu beharko duen norbaiti giltzak emateko. Hala, garrantzitsua da taldean egiteko saioak antolatzea. “Talde trukaketa asko egiten ditugu, bazkideek elkar ezagut dezaten. Besteak beste, Munduko Sukaldea, Barakaldotik Mundura, Irakurketa tailerra, Barakaldotik Elkarrekin Ibiltzen eta yoga tailerra”.
Gaur egun 63 bazkide ditu Barakaldoko Denboraren Bankuak. “%60 emakumeak dira, eta %35, atzerritarrak. Hainbat herrialdetako bizilagunek hartzen dute parte proiektuan: Tanzania, Bolivia, Ekuador, Kolonbia, Senegal, Aljeria, Maroko, Korea eta Filipinak, besteak beste”. Barakaldoko kasuan ere, helburua argia da: “Zerbitzuen elkar trukea aitzakia besterik ez da. Auzoko jendeak elkar ezagutzeko eta maila komunitarioan integrazioa eta elkarbizitza sustatzeko baliabidea da denboraren bankua”.
Izan ere, era horretako proiektuak abiatu dituztenek indibidualismoa alde batera utzi, eta auzokideen arteko harreman sareak berriz indartu nahiko lituzkete. Bizilaguna ez ezagutzeak areagotzen duen segurtasun ezaren irudipenari aurre egiteko modu bat ere bada. Eta gaur egungo bizitza ereduak kontziliaziorako sortzen dituen zailtasunei aurre egiteko auzolanean bidera daitekeen bidea ere zabaltzen du. Kontsumismoa oinarrian jartzen duen sistemari itzulia emateko baliabidea sortzen du, finean. Izan ere, baliabide gutxi dutenen bazterketa sozialari aurre egiten dio: denbora aberastasun iturri bilakatuz.