Euskal giroko ospakizuna

Algortako San Nikolas ikastolaren 50.urteurrenaren inguruko ekitaldien barnean, Euskal Jaia antolatu dute biharko. Mende erdi, ez ordea gehiegi lelopean, urte osoko egitarau zabal bat prestatu dute ikastolakoek. Bihar, baserritar edo arrantzale jantzita joateko deia egin dute. Herritar denak gonbidatuta daudela nabarmendu dute: “Algortar guztiak etor daitezela, urteurrena denon artean ospatzeko”, dio ikastolako Gaizka Arrizabalagak.

Txistularien eta fanfarrearen musikaz girotuta hasiko dute eguna, 09:30ean. Horien musika lagun dutela, 11:00etan hasita, herriko dantza taldeek kalejira bat egingo dute Telletxe plazara heldu arte. Han, dantza emanaldi bat egingo dute. Baserriko produktuen erakusketa ere egongo da. Teilagorri plazan izango dira ikusgai goiz osoan, 11:00etatik 15:00etara. Hamar bat erakusmahai ipiniko dituzte.

Bestalde, umeentzako hainbat ekitaldi egingo dituzte. Besteak beste, 11:00etatik 14:00etara, herri kirolak izango dira Bihotz Alai plazan. Zenbait tailer ere egingo dituzte. Herri bazkaria 15:00etan egingo dute Zabala eskolan. Ostean, bertso kafea izango dute, Algortako bertsolari eskolakoekin.

Arratsaldean, Telletxe plazan, Iñaki Perurenak erakustaldia egingo du. 19:00etan, Getxoko antzerki eskolako kideek eta San Nikolas ikastolako zenbait ikaslek kale antzerkia egingo dute. “Algortako Erdi Aroko giro euskaldunaren inguruko antzezlana izango da”. 17:30etik 20:00etara bitartean, Osabi taldeak herriko tabernak girotuko ditu. Eguna biribiltzeko, herri erromeria egingo dute Telletxe plazan, Erdizka Lauetan taldearen eskutik. Gero, Beñat Gantxegi DJaren emanaldia izango da.

Gaurtik, jai giroa

Girotzen hasteko, arratsalde musikala antolatu dute gaurko. Bertsoband saioa eta Bihotz Alai abesbatzaren emanaldia izango da 18:00etatik 21:00etara bitartean. Bertsoband-ean, Algortako musika bandaren doinuak eta Paya anai-arreben bertsoak uztartuko dituzte.

Bestalde, urteurreneko ekitaldien barnean, hamar asteburutarako mendi irteerak antolatu dituzte. Bihar eta etzi, adibidez, Kalamendi (314 m), Kamaraka (800 m), Besaide (564 m), Mello (633 m) eta Lekanda (1.302 m) tontorretara joango dira.

EUSKAL JAIA

Zer.San Nikolas ikastolaren 50. urteurrena ospatzeko Euskal Jaia egingo dute.

Non. Algorta, Getxo.

Noiz. Bihar, egun osoan.