Bizkaiko herrietako jaien egutegia gaur bertan hasiko da. San Jorgeren omenezko festak izaten dira herrialde historikoan lehenengokoak. Santuaren eguna datorren martitzenean izango da, baina Santurtzin gaur bertan hasiko dira ospakizunekin. Gueñesen ere bihar egingo dute haren omenezko erromeria.
Ezkerraldean, gaur bertan emango diote hasiera San Jorge jaiei. Egitarauan makina bat ekitaldi jaso dituzte, bi asteburuetarako eta martitzenerako. Santurtziko parke nagusian hasiko dira festak, umeentzako tailer eta puzgarriekin. 18:00etan, gainera, kale animazioa izango da, Ku-Klux txarangarekin. Gauean ere ez da musikarik faltako: arrantza portuan, Hirukoa, Para gustos & Veneno Hellz eta Dex taldeek kontzertua emango dute. Hirurak Santurtziko musika taldeak dira, eta hip hop doinuak sortu eta abesten dituzte.
Hori ez da izango herriko musikarien lanak ezagutzeko aukera bakarra. Hurrengo asteko asteburuan ere, barikuan hain zuzen, beste hiru rock talde igoko dira arrantza portuan jarrita egongo den agertokira: Deskuadre, Dias Negros eta The Name. Kontzertuak 22:30ean hasiko dira.
Bihar, berriz, Egan taldearen erromeriak jarriko die dantzatzeko musika jai zaleei. Txakolinari eskainitako eguna biribiltzeko aukera aparta izango da. Hain zuzen ere, goizetik egongo da aukera Bizkaiko mahastietako salda dastatzeko. Gernika parkean egongo dira erakustokiak atonduta. Horrez gain, 12:00etan bisita gastronomiko gidatua egingo dute, txakolina pintxoekin laguntzeko. Herriko tabernetan egingo dute, eta 8 euro ordaindu beharko du parte hartu gura duenak. 13:00etan, herri kirol erakusketa egingo dute: besteak beste, Iñaki Perurena ibiliko da harri-jasotzen. Erakustaldia arrantza portuan egingo da.
Gueñesen, egun bakarrean
Hirugarren urtez, Gueñesko Lasier, Lanbarri eta Sologutxi auzoetako bizilagunak festa giroan elkartuko dira. Izan ere, bihar, San Jorge ermitaren inguruetan erromeria egingo dute. Ohitura hori duela lau hamarkada galdu zen, eta azken urteetan berreskuratzeko ahalegin berezia egiten ari dira. Horrela, bada, goizean goiz hasi eta gauera arte izango dute zertaz gozatu Enkarterriko inguru horretara doazenek.
Goizean, Enkarterriko lehen sektorearen erakusleiho garrantzitsua izango da erromeria gunea. Eskualdeko nekazari, abeltzain eta eskulangileen produkturik onenak ezagutu eta erosteko aukera egongo da. Azoka girotzeko, gainera, dantza alardea eskainiko du herriko dantza taldeak. 13:15ean izango da jai eguneko une garrantzitsuetako bat: Unai Llantada Zallako alpinistak pregoia irakurriko du. Eguerdian, putxeran egindako indaba txapelketa jokatuko dute. Han prestatutako lapikokoa izango dute herri bazkariko jaki nagusia, gainera.
Arratsaldean, berriz, musikarik ez da faltako. 18:00etan, umeen koreografia lehiaketa egingo dute. Iluntzean, Nueva Banda izeneko taldeak dantzatzeko doinuak joko ditu. 20:30ean hasiko da dantzaldia, eta festa bukatu arte ariko dira musika jotzen. Bien bitartean, saiheskia eta txokolate beroa banatuko dituzte, jai zaleak indarberritzeko. 23:00etan bukatuko da festa.