Asteburu honetan bildumagileen topagune bihurtuko da Mungia. Bitxikiak 2013 izeneko bilduma zaleen hamaikagarren azoka egingo dute. Urtero bezala egitarau zabala prestatu dute Bitxikiak bilduma zaleen elkartekoek. Herriko dendak ere azoka honetarako beren-beregi atondu dituzte, 33 saltokitan hainbat bilduma ipini baitituzte ikusgai.
Herriko kiroldegian egingo dituzte ekitaldi nagusiak. Azokan egongo dira hainbat elkarte, haien bildumak erakutsiz. Halaber, salerosketetarako eta trukerako gunea ere jarriko dute. Panpinen etxeak, komikiak, egunkari zaharrak, kirola egiteko oinetakoak, Coca Colaren pinak, Nancy panpinak, antzinako giltzak, telegrafoak… askotariko bildumak egongo dira, hara biltzen direnen gozagarri.
Hiru biltzar
Gaztegunean, ostera, biltzarrak egingo dituzte. Hain zuzen ere, hiru antolatu dituzte aurtengoan. Tartean, lurrinen bildumazaleen 21. topaketa egingo dute, eta, horrekin batera, Lurrin bat, bitxi bat erakusketa ere egongo da. Era berean, Lego zaleen 5. topaketa ere egingo dute, Antonio Bellonek koordinatuta. Lego–en inguruko ikastaro eta tailerrak ere prestatu dituzte gazteentzat. Bestalde, Pez gozokien lehenengo topaketa da aurtengo nobedadea. Igor Lopezek koordinatuko du.
Suhiltzaileen erakusketa
Horrez gain, Suhiltzaile kontuak erakusketa zabaldu dute gaur, udaletxeko erakusketa aretoan. Lanerako arropak, kaskoak, armarriak eta beste hainbat objekturekin osatu dute.
Alberto Santiagoren —Bizkaiko Foru Aldundiko suhiltzaile ohia—, Jon Santistebanen —Bilboko Udaleko suhiltzailea—eta Joselu Santamariaren—Aiarako Haraneko suhiltzaileen patzuergoko kidea— laguntzarekin antolatu dute, eta hil honen erdialdera arte egongo da ikusgai.
Gainera, bihar eta etzi, hainbat garaitako suhiltzaileen ibilgailuak jarriko dituzte ikusgai Matxin plazan.
BILDUMA ZALEEN AZOKA
Zer. Bitxikiak 2013, Bildumazaleen 11. Feria.
Non. Mungiako kiroldegian.
Ordutegia. Bihar 10:30etik 14:30era, eta 16:30etik 20:30era. Etzi, 10:00etatik 14:30era.
Erakusketa orduak. Astelehenetik eguenera, 18:00etatik 20:30era. Bariku eta zapatuan, 11:00etatik 14:00etara eta 18.00tatik 20:30era. Domekan, 11:00etatik 14:00etara