Ondare historikoa lehengoratzeko eta herriko turismoa sustatzeko asmoz, Eako Udalak Urtubiagako burdinolarako ibilbide berria zabaldu du, herritarren eta HEA Herrijeri Emon Arnasa kultur taldearen laguntzarekin. Ibilbide ekologikoa herriko erdigunean hasten da, eta, uraren bideari jarraituz, Urtubiagako ondare historikoa erakusten du. Herriko erdigunea Urtubiagako burdinola eta errotarekin lotzen du ibilbide berriak. Balio natural eta kultural handikoa da ibilbidea, eta uraren ubideari jarraitzen dio. Bidean, burdinolaren horma, arkuak zein antzinako presak ikus daitezke. Informazio panelak jarri ditu udalak.
Ondare historikoak ongi islatzen du urak zer-nolako garrantzia izan zuen garai bateko garapen ekonomikoan. Erdi Arokoa da burdinola, baina ez dakite noiz eraiki zuten zehazki. Mende batean baino gehiagoan iraun zuen martxan, eta eraikinaren zati handiena ondo gorde da gaur egun arte. XVIII. mendean euskal siderurgia ekoizpena berritzeko egin zen ahaleginaren adierazgarri da. Ireki berri duten ibilbideak antzinako bidea eta ubidea jarraitzen ditu. Ea herria zeharkatzen duen errepidearen parean, zubia hasten den lekuan hasten da bidea, eta oso erraza da egiteko.